"Bilbora asko bidaiatu daben AEBetako eta Erresuma Batuko turistak datoz" azaldu dau Ander Elortegik

"Tamainu handiko 137 logela daukaguz" esan deusku Radisson Collection hoteleko zuzendariak

Ander Elortegi: “Bilbora turista gehienak kotxez datoz, ez hegazkinez”

Ander Elortegi (Radisson Collection hoteleko zuzendaria) / Bizkaia Irratia

Laster bi urte beteko dira Kale Nagusian dagoan Radisson Collection bost izarreko hotela edegi ebenetik. Radisson markako lehen hotela AEBetako Mineapolis urian sortu zan 1907. urtean. Hortik aurrera marka honetako hotelen jaubetza Europako enpresen esku geratu da.  Hotelak tamainu handiko 137 logela daukaz, 30 eta 35 metro koadro arteko azalerea dabenak. “Hotelean daukagun onena logelak dira, danek dutxa eta bainuontzia daukie eta gehienak kanpora begira dagoz” azaldu deusku Ander Elortegi Radisson Collection hoteleko zuzendariak.

“Bilbora asko bidaiatu daben turistak datoz. Turistentzat Euskal Herria ez da ezaguna, Paris edo Bartzelona izan daitekezan moduan” azaldu deusku Bilboko Radisson hoteleko zuzendariak. Ameriketako Estatu Batuetatik eta Erresuma Batutik turista asko heltzen jakez Bilboko hotel honetara. “Hotela aukeratzeko orduan, markea eta sareetan daukan puntuazinoa izaten dabe kontutan” autortu deusku Elortegik. Euskal Herrira gehienak hegazkinez barik, kotxez heltzen dirala gaineratu dau.


2023an Bizkaiko hoteletan 1,7 milioi bezerok hartu eben ostatu. Eusko Jaurlaritzak tasa turistikoa jarri edo ez aztertzeko mahaia osatu dau. Hotelean pertsona eta egun bakotxeko ordaintzen dan tasea da. Bartzelonan 4-5 eurokoa da eta Parisen euro bat eta 14 euro bitartekoa. Bilbon oraindik ez dago tasa turistikorik.  Tasa horren helburua turismoa sustatzea izan beharko litzakela gogoratu deusku Ander Elortegik.

Hoteletako zuzendarien %25 baino ez dira andrazkoak. “Hoteletako zuzendariaren lanpostua ez da kontziliazinorako bapere erraza. Ez da lan egiteko sektore erraza. Hotel bat zabalik dago 24 orduz eta 365 egunez eta edonoz deiak eukiten doguz. Zuzendari garen gizonon artean be seme-alabarik bako eta bikotekide bako asko dagoz” aitatu dau Elortegik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00