Urtetik urtera gero eta gurutzaontzi gehiago datoz Bizkaira

Erronka nagusietarikoa guruzaontzietako bidaiarientzako zerbitzua hobetzea da, garraioa, besteak beste

Andima Ormaetxe: “Denporaldi honetan 90 gurutzaontzi baino gehiago etorriko dira”

Getxoko gurutzaontzi kaia / Bilboko Portua

Bilboko portuak gurutzaontzien denboraldi barria hasi dau, eta aurten, 90 baino gehiago helduko dira Bizkaira. Andima Ormaetxe Bilboko Portuko zuendariaren ondokoak adierazo dauenez, gurutzaontziak herrialde osotik eta nazinoarteko hainbat lekutatik etorten diran bidaiariak ekarten ditue, eta horrek Bilboren eta Bizkaiko ekonomiaren dinamizazinoan eragin zuzena dauka. Portura ailegetan diran turista gehienak erosahalmen handikoak izaten dira, eta horrek bertoko merkataritzeari eta ostalaritzeari mesede egiten deutse.

Turismo-eskaintzea gero eta zabalagoa da, eta itsasontzietatik ailegetan diran bidaiariek aukerea dabe egunean bertan bisita gidatuak egiteko, ostalaritzan kontsumiduteko eta bertoko merkataritzea sustatzeko. Gehienek egun bakarreko egonaldia egiten baditue be, batzuk gau bat edo gehiago igaroten dabe inguruko hoteletan, eta horrek ekonomian eragin positiboa dauka. Andima Ormaetxeren arabera, gaur egun erronka nagusietako bat gurutzaontzietako bidaiariek gaua Bilbon pasetako pizgarriak emotea da, horrek gehiago indartuko leukelako tokiko ekonomia. Horrez gain, eskaintzen jaken zerbitzua be hobetu behar da, garraioa eta bestelakoak. Zerbitzua hobetuta gurutzaontzi eta bidaiari gehiago etorriko da.

Gurutzaontzien denboraldia abendura arte luzatuko da, irailetik aurrera bolumenak apur bat bajatuko diran arren. Halanda be, portuak hondino bisitari ugari espero ditu udagoienean, eta hainbat neurri hartzen dabilz portuaren gaitasunak hobetzeko. Portuko arduradunek dinoenez, azpiegitura barriak martxan ipinten dabilz ontzi handiagoak hartzeko, eta portuaren kudeaketa eraginkorragoa izan daiten, digitalizazinoan eta jasangarritasunean egiten dabilzan inbertsinoak funtsezkoak dira.

Portuak eten barik egiten dau lan digitalizazinoan eta deskarbonizazinoan, mundu mailako joerei jarraituz. Horretarako, teknologia barriak ezarten dabilz portuko jarduerak optimizetako eta karbono-aztarna murrizteko. World Maritime Week azokan hartuko dau parte Bilboko Portuak asteon, BECen,  bere estrategiak eta ingurumena errespetetako neurriak aurkezteko. Ekitaldi honetan, hainbat herrialdetako portuek parte hartuko dabe, eta Bilbok aukerea eukiko dau mundu mailako eragile nagusiekin esperientziak partekatzeko. Bilboko Portua Espainiakoko portu guztientzat erreferentea dala esan deusku Ormaetxek, eta euron erreferentea Hanburgokoa dala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00