“Isasi Bilbao-Berlin” emonaldia estreinauko da bihar Bilboko Arriaga antzokian. Lied Arriagan zikloaren barruan sartzen da biharko kontzertua. Vanessa Goikoetxea sopranoak eta Ruben Fernandez Aguirre piano-joleak eskeiniko dabe. Andres Isasik konposatutako piezak eskeiniko dabez. Zehatz esateko, Alemaniako Heinrich Heine poetaren olerkien ganean Isasik sortutakoak. Esan behar, Carlos Imazek jatorrizko partiturak berreskuratu eta berreraikitzeko lan handia egin dauala. Kontserbatzen zan grabazino bakarra 1999. urtean egin eben Javier Solaunek eta Alejandro Zabalak. Getxoko Andres Isasi kontserbatorioan egoan gordeta kopia bat eta hortik abiatu zan Imaz. Isasik sortu eban moduan eskaintzea izan da bere asmo nagusia.
Efemeridea
Hileon ganera 110 urte betetan dira Andres Isasik Heinen poemen ganeko zikloa konposatu ebanetik. Garai hartan, Berlinen egon zan ikasten musikaria. Efemeridea dala eta ganera Carlos Imazek beste lau pieza konposatu dauz biharko emonaldirako. Beraz, Isasik sortutako hamalau piezez gain, beste lau barri honeek be eskeiniko dira kontzertu berezi honetan.
Diskoa
Bihar iluntzeko zazpi ta erdietan izango da emonaldia Arriaga antzokiko foyerrean. Vanessa Goikoetxeak esan deuskunez, biharko emonaldiaren ostean Madrilen be eskeini nahi leukie. Euren asmoen artean, diskoa kaleratzea be badago. Oraindino ez dago data zehatzik. Grabatzeko momentua erabagitzea da hurrengo pausua.