Emakumeak Jokoan 01x15: Ane Azkona, Athleticeko futbolaria

Bere ibilbide osoaren eta denporaldiko azken txanparen ganean egin dogu berba Athleticeko aurrelari antsoaindarragaz

Ane Azkona: “Txapeldunen Liga jokatzeko doguzan aukerak aprobetxau behar doguz”

Azkonak partiduko gol biak sartu ebazan Errealaren aurkako Euskal Derbian San Mamesen / Athletic Club

Ane Azkona Athleticeko jokalari antsoaindarragaz egin dogu berba asteon Bizkaia Irratiko Emakumeak Jokoan irratsaioaren mikrofonoetan. Azkonaren eskutik bere ibilbide osoaren errepasoa burutu eta denporaldiko azken txanparen ganean egin dogu berba. Izan be, hiru norgehiagoka besterik ez dira falta emakumezkoen liga amaitzeko. Momentu honetan, Athletic sailkapeneko laugarren postuan dago, 48 puntukaz, eta puntu bakar batera dauka Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten dauan hirugarren postua; Atletico Madrilek 49 puntu ditu.

Hain zuzen be, Atletico Madril izango da lehoien aurkaria astegoien honetan. David Aznarrek zuzendutako taldeak Madrilera osterea egingo dau partidu erabagigarria jokatzeko. Falta diran hiru norgehiagokak irabaztekotan, Txapeldunen Liga jokatuko leuke Athleticek hurrengo denporaldian. Egoera honen aurrean, Azkonak argi dauka zer egin behar daben: “Txapeldunen Liga jokatzeko doguzan aukerak aprobetxau behar doguz”.

Horretarako, Azkonaren golak garrantzitsuak izan ahal dira. Izan be, taldeko golegile nagusia da momentu honetan sartu dituan sei golei esker. Ganera, gol guztiak bigarren itzulian heldu dira. Beraz, denporaldiko momenturik goxoenean dago Azkona. Esan deuskunez, aurreko denporaldian sartutako zazpi golak gainditzea da bere buruari ezarri eutson helburua aurtengo denporaldi hasieran.  Hiru partiduren faltan, helburua gertu dauka.

Dantzaria, eskalatzailea, futbolaria…

Azkonak laugarren edo bosgarren mailan egoala ekin eutson bere futbol ibilbideari. Aurretik, ballet edo eskalada bezalako jarduerak gauzatu ebazan. Esaterako, balleta egin izanak hanketan daukan indarra lortzen lagundu deutsolakoan dago. Beraz, oroitzapen politak ditu aitatutako garaitik.

Gazte Berriak eta Ardoi talde nafarretan olgau eban Azkonak 2016/2017 denporaldian Athleticera salto egin aurretik. Lehen taldeagaz 2016ko zemendiaren 5ean Levanteren aurka debuta egin arren, lehen eta bigarren taldeak tartekatu ebazan hasierako urteetan. 2019ko urtarrilaren 13an, Azkonak bere lehen gola sartu eban lehen taldeagaz Sporting Huelvaren kontra Lezaman, partiduko luzapenean.

2020ko bagilean, tamalez, eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi eban eta 2021eko otsailera arte jokatu barik egon zan. Hurrengo denporaldian, bere ibilbideko denporaldirik onena burutu eban golei jagokenez, 10 sartu ebazalako. Ganera, 2022ko urriaren 11n Espainiako selekzinoagaz debuta egiteko aukerea euki eban Sadarren Ameriketako Estatu Batuen aurka.

Azkonak 2026ko bagilaren 30era arte dauka kontratua Athleticegaz eta Bilbon oso pozik dagoala esan deusku. Hurrengo urtean, ganera, 10 urte beteko dira Athleticera heldu zanetik. Horren harira, Txapeldunen Liga jokatzen ospatu gura dau urteurren borobila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00