Arriagan estreinau ostean Pabellon 6 aretoan ikusi ahal izango da

'El despertar de la primavera' eskeiniko dau 10. promozinoak

Antzezlan barria dakar Gazte Konpainiak

'El despertar de la primavera' antzezlana / Paula Gomez

Bilboko Pabellon 6 aretoko Gazte Konpainiak antzezlan barria estreinauko dau gaur Arriaga antzokian. El despertar de la primavera eskeiniko dau gaur Gazte Konpainiaren 10. promozinoak. Frank Wedekind sortzaile alemaniarraren lanean dago oinarrituta. Honek 1891. urtean idatzi eban. Garai hartan, zeresan handia eragin eban, nerabezaroan sexualidadea esnatzen dala aipatzen zalako edo erotismo zein heriotza eszenak deskribatzen ebazalako. Wedekinen lana askotan moldatu da, filmeak eta musikalak be egin dira. Adriana Laespadak horreetariko bat ikusi eban Erroman bizitzen egoala orain 5-6 urte eta orduan izan eban lanaren moldaketea egiteko ideia. Adrianak gaurkotu egin dau testua. Azaldu deuskunez, eszena asko kendu dauz.

Testu garaikidea

Eskumaren goraldia, pentsamenduaren zentsura edo desiraren kriminalizazinoa moduko gaiak gaur egun be agerian dagoz eta giro horretan murgiltzen da istorioa. Laespadaren esanetan, holangoek jarraitu ezkero etorri daitekeenaren ganeko hausnarketea eragin gura dau publikoarengan. Zazpi ume dira antzezlanaren protagonistak. Erregimen faxista baten bizi dira eta ez daukie informazino nahikorik. Gazte Konpainiako Unai Arrieta Aguirrezabala, Mikel Gonzalez Saiz, Oier Agirre, Carlota Cacharrón, Paula Polo Aldanondo, Laura Meabe Abecia eta Teo Maiztegi aktoreak ari dira lan honetan. Adriana Laespadak, testua moldatzeaz gain, antzezlana zuzendu dau. Esan deuskunez, aktoreek, lan handia egin dabe.

El despertar de la primavera antzezlanaren estreinaldia gaur iluntzeko zazpi ta erdietan izango da Arriaga antzokian. Ostean, Pabellon 6 aretoan eskeiniko da martiaren 13tik apirilaren 5era bitartean. Beste 15 emonaldi daukiez bertan. Euskal Herrian zehar eskaintzeko asmoa be badaukie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00