Bizkaian nekazaritza ekologikoa 214 profesional dagoz, Euskadin pasa dan urteko hazkundea %1,5ekoa izan da

Euskadin 2030ean nekazal lurren %25ak ekologikoa izan beharko dau

A. Eguzkitza (ENEEK): “Eusko-Label produktuak eta artoa ekologikora pasauko balira zifrak hobetuko gendukez”

Arantza Eguzkitza (ENEEKeko burua) / Bizkaia Irratia

Euskadin ekoizpen ekologikoan une honetan 722 profesional dagoz. 2021tik 2022ra %1,5 hazi da produktore ekologikoen kopurua eta ustiakuntza ekologikorako lurrena %15.  Igaz 41 alta egon ziran, aurreko urtean baino gitxiago. 2021ean 83 ekoizle hasi ziran nekazaritza ekologikoan. Bizkaian 214 profesional dabilz gaur egun ekoizpen ekologikoan. Guztira 106 nekazari, 47 abeltzain, 39 elaboratzaile eta 22 merkaturatzaile. Datu honeek guztiak eta nekazaritza ekologikoaren sektorea zelan dagoan ezagutzeko Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko (ENEEK) burua, Arantza Eguzkitza izan dogu gaur Goizeko Izarretan.

Europako Itun Berdea

Azken urteetan ekologilora pasau edo ekologikoan hasi diran ekoizleen hazkundea handia izan arren azken urtean hazkunde hori moteldu dala azaldu dau Arantza Eguzkitzak. Europako Itun Berdeak dino 2030erako Europako nekazal lurren  %25 ekologikoa izan beharko dala. Horretarako urrats handiak emon beharko dira, izan be, une honetan EBko nekazal lursailen %9,1 ekologikoa da eta Euskadin zifra hori %4,6ra jaisten da. “Araban artoaren ekoizpena ekologikora pasauko balitz edo Eusko-Label produktoak ekologikora pasauko balira zifrak nabarmen hobetuko gendukez” azpimarratu dau Eguzkitzak.

Ekoizleen profila

Produkzino ekologikoan dabilzan nekazariak eredu konbentzionalean dabilzanak baino gazteagoak dira, horreei laguntzak emoteko dirulaguntzak bideratzen dauz BFAk. ENEEKetik dinoe laguntza horreek ezinbestekoak dirala eta indartu beharko litzatekezala.

Supermerkaduen konpromisoa

Supermerkaduetan salto handia emon dala onartu dau Eguzkitzak orain dala 5-6 urte ia produktu ekologikorik ez egoalako holako saltokietan. Orain badagoz baina horreetariko batzuk kanpotik ekarritako ekologikoak dirala salatu dau ENEEKek eta erosleei etiketa berdean ondo fijetako eskatu deutse. Ekologikoa bertokoa dala bermatzeko Ekolurra ziurtagiri berdea dago. Ziurtagiri hori areagotzeko ekoizle gehiago behar dirala eta supermerkaduek holako produktu gehiago eskaini behar dabezala azaldu dau Eguzkitzak.

Inflazinoa

Pentsu ekologikoak asko garestitu dira eta abeltzain batzuei egoerea asko zaildu jake. “Ekoizle batzuk askotan ez dira benetazko kostuak kobratzera ausartzen eta asko euren marjena  jaten dabilz” salatu dau ENEEK-eko buruak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00