Euskadiko elikagaien-kateko xahuketearen bigarren diagnostikoa aurkeztu dabe

Euskadin pertsona bakotxak 111,65 kilo elikagai xahutzen dauz urtean

Arantza Madariaga: “Etxeetan gero eta kontzientzia handiagoa dago elikagaiak alperrik ez galtzeko”

Elikagai-xahuketea gizarte aurreratuen ingurumen, ekonomia eta gizarte-erronka nagusietako bat izaten segiduten dau. Hori murrizten jarraitzeko helburuagaz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Elika Fundazioak egindako euskal elikagaien-kateko elikagai xahuketearen bigarren diagnostikoa aurkeztu dau. Azterketearen arabera, azken lau urteetan datu orokorrak ia bere horretan mantendu badira be, kateko hainbat esparrutan joera desbardinak antzeman dira.

Arantza Madariaga Elika Fundazioko zuzendariak azaldu dauanez, elikagaien xahuketa pertsonak elikatzeko ekoiztu diran elikagaiak helburu horretarako erabiltzen ez diranean gertatzen da. Bere esanetan, horrek ondorio ekonomikoak ez eze, ingurumenekoak eta sozialak be badaukaz. Diagnostikoaren arabera, etxeak dira hondino be elikagai gehien xahutzen diran eremuak, nahiz eta orain dala lau urteko datuakaz alderatuta beherakadea izan dan. Madariagaren ustez, horretan eragina izan dabe familien kontzientzia handiagoak eta elikagaien prezioen igoerak. Izan be, herritarrek gero eta gehiago baloretan dabe erosten daben janaria eta arreta handiagoa jartzen deutse alperrik ez galtzeari.

Diagnostikoak, ganera, elikadura-kateko hainbat mailatan aurrerapen garrantzitsuak baieztatzen dauz. Elikagaien eraldaketa sektorean, xahuketea nabarmen jaitsi da. Enpresek lehengaiak hobeto aprobetxatzeko neurriak hartzen dabez. Lehen ohikoa zan soberakinak baztertzea, baina gaur egun gero eta gehiago bilatzen dira horreei beste erabilera bat emoteko moduak.

Bigarren diagnostiko honek Euskadin 2018tik garatutako lana sendotzen dau. Emaitzak, ganera, 2026-2030 Plan Estrategiko barriaren oinarri izango dira. Plan horrek sentsibilizazino eta prestakuntza-ekintzak indartuko dauz, batez be, murrizteko gaitasun handia daukien sektoreetan. Era berean, administrazinoen, elikadura-kateko eragileen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza sustatuko dau, elikagai-soberakinen kudeaketa hobetzeko eta elikadura-eredu eraginkorrago, jasangarriago eta arduratsuago baterantz aurrera egiten jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00