Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak Minbiziaren Ikerketarako Laguntzen bosgarren aurkezpena egin dau Bilbon, Bizkaiko Medikuen Elkargoan. Ekitaldian, alkarteak Bizkaian minbizia ikertzeko esleitutako 7 laguntza barri aurkeztu dauz: Talent laguntza bat, gibeleko minbizia ardatz daukana; Sinergia laguntza bat, immunoterapiaren albo-ondorioei buruzkoa; Doktoretza aurreko laguntza bi, prostatako eta bularreko minbizia ikertzeko zuzendutakoak; Doktoretza ondoko laguntza bat, bularreko minbiziari buruzkoa; eta Praktika Programa bi. Gaur egun, danetara, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak 41 proiektu babesten dauz, 8 milioi euro inguru bideratuz.
Lau Haizetara irratsaioan Arkaitz Carracedo eta Orhi Barroso ikertzaileakaz egin dogu berba. Carracedo CIC bioGUNEko ikertzailea eta Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearen zientzia-boluntarioa da. Barroso, barriz, ISS Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailea. Azken honek gaur aurkeztu diran laguntzetako bat jaso dau, Doktoretza ondoko laguntzea hain zuzen. Berak azaldu deuskunez, bularreko minbiziaren biologia ikertuko dau. Bere proiektuaren helburua da ulertzea zelan moldatzen diran minbizi-zelulak ingurune barrien aurrean, biziraun, hedatu eta metastasia garatzeko. Horretarako, proteinen ekoizpenaren mekanismoa aztertuko dauz, etorkizunean tratamendu zehatzagoak garatu ahal izateko.
Barrosok eta Carracedok azpimarratu dabe ikerketarako laguntzak ezinbestekoak dirala minbiziari aurre egiteko. Azken urteotan minbiziaren ikerketan aurrerapausu handiak emon dirala nabarmendu dabe ikertzaile biek, diagnostikoan eta tratamenduetan hobekuntzak lortu diralako. Halanda be, erronka handiak hondino hor dagozala gogoarazo dabe, eta ikerketa babesten jarraitzeko beharra azpimarratu dabe. Arlo horretatik, Arkaitz Carracedok Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearen babesa funtsezkotzat jo dau, besteak beste, ikertzaile gazteen formazinoa eta laborategien jarduna bermatzeko.
