Euskerearen ezagutzea asko handitu da Arrankudiaga Zollon, baina beste toki askotan lez erabileran dago arazoa. Aurreko urteetan lan handia egin da euskerea arlo ezbardinetan sartzeko, eta udalerrian dagozan alkarte ezbardinetan erabilteko be ahalegin handia egin da. Orain Udalderri Euskaldumen Mankomunidadean sartuko dira, UEMAn. Euskerea sustatzen jarraituko dabe, konpromiso handia hartuta. Herriz Herri saioan Txutxi Arizanbarreta alkatearen eskutik herriko gorabeherak ezagutzeko aukerea euki dogu. Erabilera ugari eukiko dauen gune bizi bat eregiten dabilz herri erdi-erdian, “Oxinburu” izenekoa. Gizarte, kultur zein kirol bizimoduan lagunduko dau: edozein adin eta eratako herritarrak alkarregaz egoteko gunea, ekitaldi eta ikuskizunetarako aretoa, ikasteko gelea, ariketak egitekoa…Aurtengo urtean zehar amaitzeko asmoa dabe. Agintaldi honetan era askotako lanak egin ditue herrian, eta asko hobetu da. Egitekoen artean batez be ur eta saneamendu arloan daben gabezia nabarmendu deusku alkateak. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzekoak dira, baina baimena atzeratuz doaz eta arlo horretako arazoak konpondu barik daukiez. Hitzarmenen bat izenpetu dabe arazoei konponbide puntual batzuk emoteko.