Partaideek euren esperientziaren barri emon dabe

Arratiako arlo sozioekonomikoan euskerearen erabilerea areagotzea da asmoa

Arratiako 33 enpresek osotzen dabe eusGara komunidadea

eusGara komunidadea Arratian / Bizkaia Irratia

33 enpresek osotzen dabe Arratiako eusGara komunidadea. Aurreko barikutik, lau enpresa gehiago dagoz sarean. Arratiako arlo sozioekonomikoan euskerearen erabilerea areagotzeko asmoagaz sortu zan eusGara izeneko komunidadea 2017. urtean. Errota fundazinoak sortu eban hain zuzen. Bertatik, Ander Arakistainek gogoratu deusku, holango sare bat sortzeko beharrizana ikusi ebela. Aurreko barikuan, zemendiaren 22an, Zeanuriko Zulaibar campusean egin zan ekitaldian, Bela Detail, Keia, Ortomobility eta Petardos CM enpresak bat egin eben eusGara komunidadeagaz. Eurekaz, 33 dira sarea osotzen dabenak. 2025. urteari begira euskerearen erabilerea areagotzeko konpromisoa hartu dabe. Horretarako, eusGarak doako zerbitzua eskaintzen deutse. Katalogo bat da eta bertan aukeratu leikie zein dan euren enpresan ezarri gura daben neurria.

Esperientziak partekatuz

Barikuko ekitaldian, Arratiako egoitzak, Jandoniz egoitzak eta Piedade Ondo egoitzak, euren konpromisoen barri emon eben. Igaz sartu ziran sarean eta egindakoa azaldu eben. Kizkitza Aurrekoetxea Errotako kideak azaldu deuskunez, praktiketako ikasleak hartzeaz gain Zulaibar lanbide ikastegitik bisitak jaso dabez eta Euskaraz Zaindu dinamikea sortu da, zaintzari lotutako hiztegi afektibo bat sortuz euskera. Alinar Die Casting eta Industrias Galarzak bestalde, euren esperientziak partekatu ebezan Zulaibarren egindako saioan. Errota fundazinotik oso pozik azaldu dira orain arteko eusGara sarearen martxeagaz. Asmoa Arratiako enpresa guztiak erakartzea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00