Emonaldi bi eskainiko dabez, zapatu arratsaldean eta domeka eguerdian

Libretoa Leire Bilbao idazlearena da, eta istorioa Juan Crisostomo de Arriagaren aterki baten aurkikuntzagaz hasten da

Arriaga Antzokiak eta Bilboko Koral Elkarteak ‘Arriagaren Aterkia’ aurkeztuko dabe asteburuan

'Arriagaren Aterkia' musika ikuskizun poetiko eta oniriko bat da / Arriaga Antzokia

Arriaga Antzokiak eta Bilboko Koral Elkarteak indarrak batu dabez proiektu barri bat aurrera eroateko. Arriagaren Aterkia musika ikuskizun poetiko eta oniriko bat da, erakunde biek alkarregaz bultzautakoa, eta aurtengo urriaren 17an eta 18an estreinauko da. Zapatuko emonaldia 18:00etan izango da, eta domekakoa 12:00etatik aurrera. Libretoa Leire Bilbao idazlearena da, eta istorioa Juan Crisostomo de Arriagaren aterki baten aurkikuntzagaz hasten da, oroimenean, denporaren joanean eta bizitzaren etapa ezbardinetan zehar bidaia bat proposatzeko, beti be, Bilboko euripean. Idazle ondarrutarragaz egin dogu berba estreinaldiaren astean: “Bilboko Koral Elkarteak egin eustan enkargua, Arriaga hil zanetik 200 urte bete diralako”.

Libretotik ikuskizunerako bidea zelakoa izaten dabilan azaldu deusku Bilbaok: “Berba ipini deutsat ikuskizunari. Ostean, idatzitakoari doinua emon deutsie Nerea Alberdik eta Aitor Etxebrriak”. Bilboko Koral Elkarteko ehun bat ahots zurik, Ibone Sardon eta Julen Garciaren ahots bakarlariek eta hamar musikarik osotutako hari-, haize-, perkusino- eta elektronika-ensemble batek interpretatzen dabe Alberdik eta Etxebarriak konposautako musikea. Ikuskizunerako sarrerak salgai dagoz Arriaga Antzokiaren webgunean edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00