
Badira 50 urte Ibaiganeko Kultur Etxeak ateak zabaldu ebazala. Denbora honetan eraikin bat baino askoz gehiago izan da. Besteak beste, alkartzeko, adierazteko, ikasteko lekua izan da. Basauriko herritarrakaz batera hazten joan dan gunea izan da. Hainbat belaunaldi pasau dira gune kultural honetatik: artistak, irakurleak, auzokideak eta kultura euren egunerokotasunaren parte bihurtu daben herritarrak. Asier Iragorri Basauriko alkateak Bizkaia Irratiko Lau Haizetara irratsaioan azpimarratu dauanez, kultur etxea aldatu egin da denporeagaz, baina garrantzitsuena galdu barik: kultura pertsona guztiengana hurreratzea. Ibaiganeko Kultur Etxea basauritarren topagune nagusienetako bat bihurtu da urteetan zehar.
50. urteurrena ospatzeko, Basauriko Udalak programazino berezia prestau dau. Egitarau zabala eta askotarikoa, maiatzaren 30eko astegoienean hasi eta urte osoan zehar garatu dana. Hainbat ikuskizun, antzerki, berbaldi, erakusketa, udaleku eta abar aurreikusi dabez. Basauriko alkateak nabarmendu dauanez, “urteurren hau ospatzea ez da bakarrik iraganari begiratzea, etorkizunari begira egiteko unea be bada”.