Asier Serrano: "Disko honek gaztetu egin gaitu, oso indartsu gagoz zuzenekoak aguantetako eta disfrutetako"

'Ekografiak' diskoa plazaratu dau

Hamarkada biren ostean bueltan da Lorelei

Lorelei taldea / Bideografik

22 urteren ostean Asier Serrano eta Mikel Gorosabel barriro batu dira eta disko barria dakarre: ‘Ekografiak’ (Elkar). Orain dala bi-hiru urte hasi ziran Loreleiko kideak barriro alkartzen eta 2020an antzokietara itzuli ziran. Hiru zuzeneko arrakastatsu eta jentetsu eskaini ebezan. Pandemiak baina, asmo guztiak bertan behera itxi ebazan. Ostean Gorosabelek diskoa plazaratzea proposatu eutsan Serranori. Idazle eta musikariak azaldu deuskunez, ebakuntza bat pasau barri eta ezertarako gogo barik egoan Gorosabelen proposamena heldu jakonean. Mikel “erreskatera” etorri jakon.

Zortzi kantu dakarz Loreleiren hirugarren diskoak. Serranok idatzi dauz guztiak. Barru-barrutik, minetik sortutako letrak dirala azaldu deusku. Melodiak eta instrumentazinoa Gorosabelen ardurea izan dira.

Asier Serrano idazle eta abeslariak eta Mikel Gorosabel musikariak 90eko hamarkadan sortu eben Lorelei taldea. ‘Bada hiri gorri bat’ diskoagaz plazaratu zan taldea, 1997an, eta urte bi geroago ‘Tatuatu zenidan zerua’ kaleratu eben. Urte intensoak izan zirala aitortu deusku Asier Serranok. Euren asmoa urtebete irautea zan baina proiektuak arrakasta izan eban eta bigarren diskoa be etorri zan. Orduan ez eben pentsetan banatuko ziranik baina “hautu natural” batetik etorri zan. Serranok esan deuskunez, Lorelei proiektua bizirik lurperatu eben.

Lorelei taldearen agurretik hamarkada bi igaro ostean, Serranok eta Gorosabelek Lorelei bizibarritu dabe. Abendu amaieran-urtarrilean antzokietara itzuliko dira, Antxon Sarasua eta Loiola Madera musikariakaz batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00