Bederatzi aste baino ez dira geratzen 2022-23 denporaldiari amaierea emoteko. Liga txapelketako hamabi partidu jokatuko ditu Ernesto Valverderen taldeak eta kopako bat, Osasunaren aurka San Mamesen datorren martitzenean. Talde nafarra kanporatu ezkero, Athleticek beste partidu bat jokatuko leuke, Kopako finala Sevillan, hain zuzen be.
Athletic sailkapeneko laugarren postuan iritsi zan munduko kopeak eragindako etenaldira. 2023 urtean ikusitakoaren arabera, geldialdi horrek ez eutson mesede handirik egin Valverderen taldeari, lehiaketeari berrekin jakonetik lortutako emaitzak -ligan batez be- gura baino makalagoak izan dira-eta. Valladoliden zelaian nagusitasunez irabazita heldu dira zuri-gorriak aurreko astegoienean izandako atsedenaldira, eta itxaron daigun oraingo etenaldi labur honek, 2022ko etenaldi luzeak baino eragin hobea izatea.
Liga txapelketan, 36 puntu egonda jokoan, azken jardunaldira arte ez da erabagiko zein talde doazen Europara. Athleticek azken partidura arte Europarako sailkatzeko borrokan egotea itxaroten dogu, azken norgehiagoka hori Santiago Bernabeun jokatu arren. Edozelan be, datorren zapatuko Getaferen aurkako partiduak garrantzi handia dauka zuri-gorrientzat. Alde batetik, Valladoliden hasitako bolada onari eutsi eta urrezko hiru puntu eskuratzeko Europarako borrokan. Beste alde batetik, ez dogu ahaztu behar Athleticek denporaldiko partidurik garrantzitsuena jokatuko dauela datorren martitzenean San Mamesen Osasunaren aurka eta garbi dago Getaferi irabaztea bultzada handia izango litzatekeela Sevillako finalerako bidean.
Aritza Eskandon eta Aitzol Atutxagaz jorratu dogu denporaldiaren azken txanpan ekarri leikena.