
Sekula ez dira Bermeoko jokalari bi batera egon Athleticen lehen plantilan. Unai Gomez Etxebarria eta Mikel Jauregizar Alboniga bigarren denporaldia beteten dabilz Ernesto Valverderen aginduetara eta azken honek, ganera, lekutxoa eskuratu dau hasierako hamaikakoan. Bizkaia Irratian Lezamara joan gara eurekaz berba egiteko egueneko entrenamendu saioa egin aurretik.
Kontu ugari aztertu doguz hogetabat urteko jokalari biekaz. Garbi itxi gura izan deuskue, Bermeon baino hobeto ezin dala inon bizi. Kresala daukie odolean. Ondo ikusten dabe taldea denporaldiko azken txanpara begira eta garaipenaren bila urtengo dabe datorren zapatuan Metropolitanon jokatuko daben partiduan. Horregaz batera, autortu dabe ezin dabela burutik kendu aurtengo Europa Ligako finala San Mamesen jokatuko dala.
Unai eta Mikel Bermeon bizi dira eta egunero doaz entrenatzera Lezamara. Esan deuskue, Athleticen jokatzeak ez dauela askorik aldatu euren eguneroko bizitzea. Oscar De Marcos, denporaldi amaieran futbola itxiko dauen kapitainaren ganean itaunduta, batak zein besteak berba onak baino ez daukaz arabarrarentzat. “Oscar de Marcos pertsona berezia da guretzat. Asko lagundu deusku beti. Faltan botako dogu” esan deuskue eguena goizean Lezaman izandako barriketaldian. Oihan Sanceten lesinoaz, Valverdegaz daukien erlazioaz eta beste hainbat konturen ganean egin dogu berba Gomez eta Jauregizarregaz.