Elordi, Altuna eta Artolagaz egin dogu berba txapelketearen aurkezpenean

Aitor Elordik Iker Larrazabalen aurka jokatuko dau A moltsoko final zortzirenetako kanporaketan

Durangoko Ezkurdin hasiko da barikuan Lau eta Erdiko txapelketea

Bilboko Bizkaia frontoian egin dabe aurkezpena eta bertan jokatuko da finala zemendiaren 22an / Bizkaia Irratia

Aitor Elordi eta Larrazabalek datorren barikuan Durangoko Ezkurdi frontoian jokatuko daben partiduak emongo deutso hasierea Lau eta Erdiko txapelketeari. Hamabi pelotarik hartuko dabe parte. Artola, Jaka, Larrazabal, Laso, Peña II eta Senar izango dira Baiko enpresako ordezkariak, eta Altuna III, Dario, Elordi, Ezkurdia, Peio Etxeberria eta Zabala Aspekoak.

Arestian esan bezala, barikuan hasiko da txapelketea Durangon Aitor Elordi eta Larrazabalen arteko lehiagaz, A moltsoko final zortzirenetako lehen kanporaketan. Bigarrena, Dariok eta Senar gazteak jokatuko dabe domekan Lekunberriko frontoian. Partidu bi honeetako irabazleek final laurenetako ligatxoa jokatuko dabe Ezkurdia eta Peio Etxeberriagaz batera.

B moltsoari jagokonez, Jaka eta Laso izango dira aurrez aurre domekan Iruñeko Labriten, eta Artolak eta Peña bigarrenak astelehenean jokatuko dabe Tolosako Beotibarren. Irabazle biek, Altuna eta Zabala eukiko dabez zain final laurenetako ligatxoan.

Bilboko Bizkaia frontoian eta Zornotzakoan final laurenetako ligatxoko partidu bi jokatuko dira. Lehenengoa, urriaren 17an Bilbon, B multzoaren barruan. Egun bat lehenago, urriaren 16an Ezkurdia eta Peio Etxeberrria nor baino nor lehiatuko dira Zornotzan. Ligatxoko hirugarren jardunaldiko partidu bat be jokatuko da urriaren 31n Bilboko Bizkaia frontoian. Finalaurreko biak Donostian eta Gasteizen jokatuko dira eta final nagusia Bilbon, zemendiaren 22an.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00