Abenduaren 5etik 14ra bitartean egingo da aurten BBK Mendi Film jaialdiaren 18. edizinoa Bilboko Euskalduna jauregian. Nazinoartean mota honetako hirugarren jaialdirik handiena kontsideretan da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia. Antolatzaileek jaialdiaren eragin ekonomiko, sozial eta kulturala aztertu dabe, emaitza oso onak jasoz. Mendi Tour ekimenak, azken urtean inoiz baino ikusle gehien izan dauz: 14.000 ikusle. Jabier Baraiazarra jaialdiko zuzendariak pozik dagozala esan deusku.
Barrikuntzak
Nobedadeetariko bat da aurten Euskalduna jauregia izango dala aurten egoitza bakarra. Girotzeko, atrezzo berezia izango dau jauregiak. Kantabriako Europako Mendietako Liebena eskualdeko hainbat erakusmahai egongo dira. Inaugurazino ekitaldia bestalde, barikuan barik zapatuan izango da. Bertan, Juanito Oiarzabalen ganeko filmea estreinauko da. Javier Alvaro Palomaresek sortu dau Oiarzabal, Entre Juan y Juanito lana. Euskal mendigoizale ezaguna hunkituta azaldu da filmeagaz. 55 lan ikusi ahal izango dira aurten jaialdian, horreetatik 45 sail ofizialean. Baraiazarrak, Champions of the Golden Valley azpimarratu dau, Oskar sarietan, dokumental onena izateko hautagaia izan daitekeena. Aipatzekoa bestalde, aurten, euskal egileek egindako 12 film eskeiniko direla. Baraiazarrak esan deuskunez, itzelezko poza emoten deutse honek. Profesionalentzako Mendi Pro jardunaldia aurten abenduaren 12an izango da. Erakusketa bi be egongo dira ikusgai eta zortzi liburu aurkezpen. Azken honeen artean, Edurne Pasaban protagonista dauan komikia aurkeztuko da. Egitarau osoa www.mendifilmfestival.com webgunean, eta sarrerak be bertan salgai eta Euskalduna jauregiaren webgune eta lehiatilan.
