Bagilaren 5ean hasiko da bosgarren Bizkaiko Taldekako bertsolari txapelketea. Hamalau taldek emon dabe izena aurten. Arrigorriagan eta Algortan izango dira barikuan lehenengo saioak. Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria eta eskualdeak aktibatu eta indartzea da helburua. Bizkaiko Bertsozale Elkartetik, Ione Narbaizak azaldu deusku, urte birik behin egiten dala Bizkaiko Bertsolari Txapelketea eta urte birik behin honako txapelketea. Azken hau, besteak beste, bertsotan bere lekua topau ez dabenei begira be antolatzen dabe.
Bost kanporaketa
Taldeak, gitxienez 6 lagunekoak izan behar dira eta gehienez 8-10 lagunekoak. Talde barruan 3 bertsolari izango dira, epaileak, gai-jartzaileak eta antolatzaileak be. Parte hartzaileen perfila anitza da. Oso gazteak dagoz, beteranoak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasi barriak, sekula parte hartu ez dabenak… Bost kanporaketa jokatuko dira guztira bagilaren 5etik 12ra eta bakotxean hiru talde arituko dira. Arrigorriagan eta Algortan ez eze, Leioan, Gernika-Lumon eta Urdulizen izango dira kanporaketak. Saio informalak izaten dira. Kanporaketa bakotxean taldeen esku geratuko da ariketak adostea. Irailaren 12an jokatuko dira Bizkaiko Taldekako bertsolari txapelketako finalaurrekoak eta finala. Egun horretan, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eguna be ospatuko da. Momentuz ez dabe zehaztu non izango dan. Txapelketa honetarako eta finalerako ez da sarrerarik ordaindu behar. Egun horretan egingo dan bazkarirako txartelak laster jarriko dabez salgai. Informazino guztia www.bertsozale.eus atarian.
