Planik Plan irratsaio barriaren bigarren emonaldiari ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Urriko bigarren astegoienetik Basauriko eta Durangoko jaiak, Gozategiren kontzertua eta Pentagrama Fest dalakoa nabarmendu dogu.
Barikua
Basauriko eta Durangoko San Faustoak hasiko dira bariku honetan. Basaurin, arratsaldeko 20:00etan ekingo deutsie parrandari, herriko klub paralinpikoak emongo dauan pregoiaren eskutik. Durangon be arratsaldeko 20:00 botako da txupina. Kasu honetan, Vanessa Goikoetxea abeslariak irakurriko dau pregoia.
Zapatua
Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esaterako, arratsaldeko 15:00etatik aurrera, bertso saioa egongo da Arrigorriagan. Oihana Bartra, Iker Garitagoitia, Jone Uria eta Arkaitz Zipitria bertsolariak egongo dira bertan. Bestalde, arratsaldeko 19:00etan Ai gure juaneteak! antzezlana egongo da ikusgai Gernikako Lizeo Antzokian. Basauriko eta Durangoko jaietako kontzertuei jagokenez, Gozategi izango da Basaurin eta Malakias Mx3 Durangon.
Domeka
Astegoieneko azken egunari jagokonez, aniztasuna, bardintasuna, justizia soziala eta duintasuna izango dira protagonista Pentagrama Fest jaialdian. Egitasmoa La terminal eta Espacio 600 espazioetan ospatu egingo da, Zorrotzaurren, Bilbon. Bestalde, arratsaldeko 19:00etan Ruper Ordorika izango da Bilboko Arriaga Antzokian, egunari amaierea emoteko.