
Planik Plan irratsaioaren emonaldi barri bati ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik Basauriko Udaberri Festa, Izaroren kontzertua eta Euskal Eskola Publikoaren Jaia nabarmendu doguz.
Barikua
Astegoien honetan plan asko egongo dira egiteke Bizkaian, barikutik hasita. Esaterako, barikuan hasi eta astegoien osoan zehar luzatu egingo da Basauriko Udaberri Festa. Eguneko ekitaldiei jagokenez, arratsaldeko 17:30etan hasiko dira egitasmoak. Ordu horretan, adibidez, Hamelingo txirularia ipuina kontauko dabe Santurtziko liburutegian. Musikari jagokonez, kontzertu batzuk izango dira. Batetik, gaueko 21:00etan Michael’s Legacy kontzertua eskainiko da Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Bestetik, Queen Forever Tributek kontzertua emongo dau Bilboko Kafe Antzokian gaueko 22:00etan.
Zapatua
Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esate baterako, Bizkaiko eskolarteko bertsolari txapelketako finala jokatuko da Iurretako frontoian 11:30etatik aurrera. Eguerdiko 12:00etan, Muskizko Muñatones gazteluan Welcome & Sorry antzezlana izango da. Kontzertuei jagokenez, gaueko 21:00etan Barakaldoko Bizkaia Arenan, Izaro artistak kontzertua emongo dau.
Domeka
Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Edozelan be, Urduñan egingo dan Euskal Eskola Publikoaren Jaia nabarmendu beharra dago. Ganera, eguerdiko 13:00etan, Txurdinagako erdi ilargiaren plazan, Benetan be taldeak kontzertua eskainiko dau. Azkenik, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Pabiloi 6an, Alas de hierro antzezlana ikusi ahalko da.