Ane Araujo da kartelaren egilea

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren irudia egin dau EHUko Arte Ederren fakultadeko ikasleak

Basoa ardatz, irudi barrian

Ane Araujo ikaslea, berak sortutako irudiaren ondoan / Bizkaia Irratia

EHUko Arte Ederren Fakultadeko Ane Araujo ikasleak sortu dau Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 2026/2027 denboraldiko irudia. EHUko Arte Ederren Fakultadeko Diseinu Grafikoa irakasgaiaren barruan garatutako proposamenen artean aukeratu dabe Ane Araujo 22 urteko ikasle eibartarraren irudia. Esan behar, EHU eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren arteko lehenengo lankidetzaren emaitza dala. Iñigo Alberdi orkestrako zuzendari nagusiak azaldu deuskunez, euren lana gizarteratzeko balio leikie holango lankidetza hitzarmenek.

Erakusketea

Basoa kontzeptua izan da ardatz. Musikea, naturea eta sorkuntza lotzen dauz ideia nagusi honek. EHUko Arte Ederren fakultadeko ikasleek benetako testuinguru profesional bati egin behar izan deutse aurre. Bezero bat izan dabe eta interpretau beharreko kontzeptu bat. Ane Araujok, aukeratutako irudiaren egileak, bost bat zirriborro egin ebazala esan deusku. Basoaren izaera, orkestraren izaeragaz alderatzen saiatu dala azaldu deusku. Bilbao Orkestra Sinfonikoaren irudia egiteko ikasleen 80tik gora proposamen jaso dabez. EHUan egin eben lehenengo aukeraketea, eta kartela edo irudia orkestrak berak aukeratu dau. Dana dala, lanak ikusgai dagoz Arte Ederren fakultadean. Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 2026/2027 denboraldiko kartelak erakusketea osotu dabe. BOSek maiatzean aurkeztuko dau denboraldi barria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00