"Ikasle zaurgarri gehien daben zentroek formazino handiagoa eta baliabide gehigarriak behar dabez" esan dau Begoña Pedrosak

"Etxebarri, Leioa eta Igorreko instituto barriak daukaguz agendan" esan dau Hezkuntza sailburuak

Begoña Pedrosa: “Itunpeko zentroetako kuoten gaian kultura aldaketa bat behar dogu”

Begoña Pedrosa (Hezkuntza sailburua) / Bizkaia Irratia

Eskola publikoetan 10 ikasletik 7 atzerritar jatorrizkoak dira. Segregazinoaren aurkako ituna lortzea da Hezkuntza Sailak daukan erronketetako bat. Bi urte daroez aldaketakaz, sentsibilizazinoa lantzen, baina erronka handia da Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuaren berbetan. “Diagnostikoa eginda, argi dago ikasle zaurgarrien kontzentrazinoa dauken eskoletan laguntza handiagoa behar dabela. Formazino handiagoa eta baliabide gehigarriak behar dabez” esan dau Pedrosak. Ituna egiteko parte hartze prozesu bat egingo dala gaineratu dau.

Itunpeko ikastetxeetako kuotak

Itunpekoek beste zentro publiko batzuek lez eskola materialagaitik edo jantokiagaitik kuotak kobrau leikiez. Hori bai lege barriak dino, eskola, ikastetxe edo ikastola guztiek ezin dabela hezkuntza zerbitzuagaitik kuoten kobrantzarik inposatu. “Hezkuntza zerbitzua eta zerbitzu osogarriak zer diran zehaztu behar dogu. Zentroek kontzeptu honeek gardentasunez jakinarazo behar deutsiez familiei. Itunpeko ikastetxen kuotakaz tranpak eta inertziak sahiestu gura doguz” azaldu dau Hezkuntza sailburuak.

Azpiegitura eta hezkuntza zentro barriak

Jaurlaritzak 800 milioi euro aurreikusi dauz azpiegituretako inbersinoetarako. “Amaitu barri dan Etxebarriko Institutoa  inaugurauko da. Muskizen be badaukagu instituto barriaren proiektua” esan dau sailburuak. Hortik harago beste nobedade batzuk aitatu dauz Begoña Pedrosak. “Kostaldean eskola txiki baztuk jarriko doguz martxan baita Igorreko Institutoa be” gaineratu dau.

Lan Eskaintza Publiko barria, eskola jantokiak, eskola publikeotako autonomia edo sukalde propioa zein bertako produktuak daukiezan zentroen proiektu pilotuaren hedapen posiblea aitatu doguz alkarrizketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00