Eneritz Jimenez psikologoa izan da gure Zientzia tartean

Adin tarte handia daben pertsonen artean hartu-emonak izaten dira, harremanak eraikitzeko eta ezagutzak partekatzeko

Belaunaldien arteko topaketen garrantzia

Eneritz Jimenez, psikologoa eta Leioako Kanpuseko Hezkuntza Fakultadea / Egilea: Tere Ormazabal-EHU

­Gaurko Zientzia tartean belaunaldien arteko esperientzien ganean berba egin dogu Eneritz Jimenez EHUko Hezkuntza Fakultadeko psikologiako irakaslea eta gure kolaboratzaileagaz. Modu formalean antolatzen diran belaunaldi desbardin bien arteko topaketak dira. Hortxe, edade tarte handia daben pertsonen artean hartu-emonak izaten dira harremanak eraikitzeko eta ezagutzak eta ekintza esanguratsuak partekatzeko.

Programa horreen beharra identifikau zan gazteen eta adineko pertsonen artean zeozelango urruntzea edo haustura antzeman zanean gizartean, eta lehenengo esperientziak orain dala 6 hamarkada hasi ziran lurralde batzuetan. Gaur egun indarra hartu dabe ikuspegi komunitario batetik eta hainbat testuingurutan bultzatzen dira. Horrela, ume edo gazte belaunaldiak adineko belaunaldiekaz harremanetan jartzen dira.

Eneritz Jimenezek harreman horren gakoak azaldu deuskuz. Testuinguru fisikoari erreparatuz, inguruneko espazio asko pertsonen edadearen arabera antolatzeko joera dago, eskola, aisialdi guneak, eta horrek mugatu egiten dau belaunandi ezbardinen arteko topaketa. Alor psikologikoari jagokonez, gizakiok joera dogu gure antzekoak diran pertsonekaz erlazionatzeko, antzeko ezaugarriak edota bizipenak partekatzen doguzanok errez identifiketan gara. Horrela sortzen dogu talde identitate bat eta alkarren arteko sentimendu adiskidetsuak.

Belaunaldien arteko harreman hori zelan sustatu eta indartu geinkeen be kontau deusku EHUko psikologia irakasleak. Alkarlana sustatzea, lotura afektiboak eraikiteko behar dan jarraitasuna, edota arau sozial eta komunikazino mota desbardinak dabenen artean, harreman horreek gidatzea edo aurretik informazino horren barri emotea errespetuzko jarrerak bermatzeko.

Laburbilduz, esan geinke, belaunandien artean emoten diran harreman naturalak ez dirala nahikoak gizarte kohesionatua eraikitzeko, bizikidetza lortzeko. Espazio berbera partekatzeak ez dau bermatzen belaunaldien arteko benetako topaketa, horregaitik harreman esanguratsuak sortzeko alkartrukea errazten daben testuinguruak sortu behar dira. Eta amaitzeko, belaunaldien arteko harremanen bitartez ongizate pertsonala eta soziala areagotzen da. Esan geinke, banakoei eta komunidadeari elikatzeko esperientziak dirala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00