Abendua hasi da eta ezinbestekoa da Durangora begira paretea, etzidamu hasiko dalako 60. Durangoko Azoka. 285 erakusmahai izango dira Landako Gunean, 1.026 nobedade eta 273 ekitaldi gune desbardinetan aurton. Gainera, betiko guneei beste bi gehitu deutsez: Berbagailua eta Atartea. Dana dala, Durangoko Azokak eragiten dituan sentsazino positiboak nabarmendu ditu Beñat Gaztelurrutia Gerediagako kudeatzaileak, datuak alde batera itxita.
Esan bezala, gune barri bi egongo dira aurtengo edizinoan. Batetik, Berbagailua ipiniko da martxan. Euskal Herrian euskeraz ekoizten diran zenbait podcast gonbidatu dabez bertara. Esaterako, Bizkaia Irratiak hartuko dau parte Irakurrieran literatura saioa bertan grabauta. Bestetik, Atarteak be debuta egingo dau. Ilustrazinoari lotutako erakusketak eta ekitaldiak antolatuko dira bigarren gune barri honetan. Ganerako guneak ohikoak izango dira: Ahotsenea, Szenatokia, Talaia…
Egun bereziak
Abenduaren 5ean, Ikasle Goizagaz ekingo deutso Durangoko Azokak aurtengo edizinoari. Eurei eskainitako tailerrak egongo dira gunez gune. Halanda be, azokea zabalik egongo da bisitari guztientzat. Bestalde, abenduaren 6an ospatuko da Gazte Eztanda. Horren harira, egitarauan gazteei zuzenduriko ekintza ugari txertatu dira. Ganera, Palestinak bizi dauen genozidioa salatzeko abenduaren 7an geldialdia egingo dau eta alkarretaratze kulturala egingo dabe Landako Plazan, arratsaldeko 14:00etan.
