
Bermeo Tuna World Capitalek alkarteak, aurtengo udan be, Bermeo Tuna Pintxo Tour ibilbide gastronomikoa jarri dau martxan. Maitane Leizaola alkarteko zuzendariak azaldu dauanez, hegaluzea eta Bermeoko atuna omentzen dauz ekimen honek, eta hileon eta abuztuan zehar, Bermeoko 22 tabernak hegazluze eta atunagaz egindako pintxoak eskainiko dabez. Bermeoko erara prestautako pintxo bereziak dira, hau da, bertoko produktua, sasoikoa, jasangarritasuna eta herriak itsasoagaz daukan loturea azpimarratuz.
Hiru gune eta 22 taberna
Hiru gunetan egituratu dabe ibilbide gastronomikoa. Parte hartzen daben tabernek, astelehenetik domekara, eguerdiko 14:00ak arte, eskainiko dabez pintxoak. Ekimenean parte hartzeko eta sari gastronomikoen zozketan sartzeko, herritarrek hiru pausu emon beharko dabez. Lehenengo, hegaluze eta atunagaz egindako pintxo bat dastatu behar da, gitxienez, gune bakotxeko taberna baten. Ostean, tourraren liburuxka zigilatu beharko da hiru lokal horreetan. Eta azkenik, zigiluak bete ondoren, edozein tabernetako kutxatan itxi beharko dira.
Bermeoko 22 taberna dagoz ekimen honetan parte hartzen: Atxetak, Sarabanda, Batun Batun, Bokale, Ikai, Kai Alde, Zubigane, Kafe Antzoki, Toki Alai, Akelarre, Alakrana, Andeko, Beti Ondo, Oker, Joshe Mari, Izaro, Bar Bea, Eguzki, Artza, Fruniz, Zokoa eta Leku.
Zozketa bi egingo dira. Bata, garagarrila amaieran, eta bestea, abuztu amaieran. Zozketetan Bermeo Tunako hegaluze eta atun kontserbetako produktuen pack bi banatuko dira, eta ganera, pertsona birentzako menu bereziak Leku, Andeko, Kai Alde, Almiketxu, Toki Alai eta Alakrana tabernetan.