Giro ederra espero dabe Bermeoko jokalariek Itxas Ganen

Eneko Basaldua Bermeo Futbol Taldearen kapitainagaz egon gara Aretxabaletaren kontrako partiduaren aurretik

Bermeok Hirugarren Federazinora igoteko promozinoari ekingo deutso astegoien honetan

Bermeoko jokalariak promozinoa jokatzeko lortutako sailkapena ospatzen / Bermeo Futbol Taldea

Bermeo Futbol Taldeak Hirugarren Federazinora igoteko promozinoa jokatuko dau astegoien honetan eta hurrengoan. 2018-2019 denboraldian, Hirugarren Mailatik Bizkaiko Ohorezko Mailara jaitsi ziran eta bertan izan dira azkenengo bost denboraldietan. Beraz, aukera paregabea dauka Bermeok lurralde-mailatik ihes egiteko.

Santurtzi izan da aurtengo Bizkaiko Ohorezko Mailako txapeldun. Ondorioz, zuzenean igon dira moreak Hirugarren Federazinora. Bermeok, aldiz, Gipuzkoako eta Arabako bigarren sailkatuen kontra jokatu behar dau igoerea berresteko. Bagilaren 1ean, Gipuzkoako Aretxabaleta jasoko dabe Itxas Ganen. Ostean, Arabako Aurrera Vitoria taldearen estadioan jokatuko dabe hurrengo astegoienean. Azkenik, Aretxabaleta eta Aurrera Vitoria taldeen arteko partidua jokatuko da.

Triangelukatuaren irabazleak Hirugarren Federazinoan jokatuko dau hurrengo denboraldian. Bigarren sailkatuak, dana dala, kontsolazino saria eukiko dau eta Errege Kopako aurretiazko kanporaketen parte izango da. Eneko Basalduak, Bermeo Futbol Taldearen kapitainak, baikorra dala esan deusku.

Lehia estua

Bermeok burruka gogorra euki dau azkenengo jardunaldira arte sailkapeneko bigarren postuagaitik. Azkenean, 61 puntukaz esan deutso Bermeok agur denboraldiari. Zallak eta Zamudiok 60 puntu lortu ditue eta Sodupek 57. Beraz, sekulako bardintasuna egon da Bizkaiko Ohorezko Mailan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular