Bederatzigarren bira dagoz eskaintzen

11 emonaldi eskeini ostean, Lekeitiora joango dira datorren hilean

Bermeon dago Gure Zirkua

Gure Zirkua / Bizkaia Irratia

Harrera beroa jaso dau Gure Zirkuak Bermeon. Hilaren 12an heldu zan Gure Zirkua Bermeora eta 28ra bitartean jarraituko dau bertan, hamaika emonaldi eskainiz guztira. Bost urteren ostean bueltatu dira Busturialdera. Bederatzigarren biran dagoz sartuta. Olaberrian eta Oñatin eskeini dabez lehenengo saioak, eta aurreko astetik Bizkaian dagoz. Harrera oso ona izan dabe orain arte leku guztietan. Gure Zirkuaren arrakastaren arrazoia, lana dala esan deusku gaur Iker Galartzak, ekimen honen sortzaile eta partaideak.

Xaribaria

Bederatzigarren bira honetan, xaribariari egiten deutse erreferentzia. Herri antzerki mota izan zan honakoa, dantzea, musikea, kantua, bertsoak eta antzerkia buztartzen ebazana. Epaiketa baten itxureagaz, gizarte-kritika zorrotza egiten zan. Mundu gero eta nahasiago eta ilunago baten gagozala esan daiteke eta xaribariagaz, alkarregaz, lagunartean, une koloretsu, alai eta baikorra eskeini gura dabe. Igazko partaideak mantentzen dira Gure Zirkuan. Harrobi modura funtzionetan jarraitzen dauala esan deusku Galartzak. Gaur bertan, Bermeon, 40 bat ume hurreratu direla adierazi dau. Publikoari jagokonez, askok errepikatzen dabela esan behar, eta gero eta heldu gehiago hurreratzen direla be. Gogoratu daigun, familia osoarentzako ikuskizuna eskaintzen dabela. Bermeon amaitu ostean, Lekeitiora joango da Gure Zirkua garagarrilean. Eskaeren arabera aukeratzen dabe nora joan. Nafarroara bidean, Abadiñon be egingo dabe geldialdia aurten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00