Pertsona bat herrialde barri batera heltzen danean, zerbitzu jakin batzuetara iristea edo eguneroko laguntzak aurkitzea gatxa izan daiteke, batez be, sarerik ez daukanean. Gizarteratze hori errazteko, Ellacuria Fundazioak Beroki sarea jarri dau martxan. Profesional eta enpresa desbardinek aukera izango dabe, hilean bi orduz, euren esperientzia, ogibidea edo denbora eskaintzeko Bizkaian gizarteratzeko prozesuan dagozan migratu eta errefuxiatuei.
Ainhoa Abedañok azaldu deuskunez, Beroki alde bietako esperientziatik sortu da. Batetik, profesional eta enpresa askok euren jakintza eta baliabideak eskaintzeko prestutasuna erakutsi dabe. “Ikusten gendun jentea prest egoala beste modu baten parte hartzeko, gure gizartea harrera-gune izan daiten pertsona migratuakaz”, azaldu dau Abedañok. Bestetik, zerbitzu horreek jasotzen dabezan pertsonek eskertza handiz hartzen dabez laguntzak. “Fisioterapia, podologia edo osasun arloko bestelako zerbitzuak eskuratzeko aukera izateak, askotan hobeto bizitzen lagundu deutse”, gaineratu dau Ellacuria Fundazioko kideak.
Beroki sarearen bitartez, profesionalek edo enpresek euren lanbidea, negozioa edo denporea jarri leikie eskura, modu boluntarioan. Helburua da existitzen dan sare hori handitzea, eta informazinoa zabalduz, pertsona gehiago animatzea parte hartzera. Ellacuria Fundaziotik azpimarratzen dabe ez dala bakarrik zerbitzu bat eskaintzea; harremanak eta konfiantza eraikitzea be bada. Momentuz, Beroki Durangon jarri dabe martxan. Baina asmoa, sare osoa Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara zabaltzea da.
