'Herri txikiak bizirik!' dinamikea sortu dau herritar talde batek

Sinadurak batzen hasi dira eta Santa Eufemia egunean alkarretaratzea egingo dabe

BI-3348 errepidea zabaltzea eskatzen dabe aulestiarrek

Aulestiko herritar talde batek Herri txikiak bizirik dinamikea sortu dau. Aulesti eta Markina-Xemein batzen dauazan BI-3348 errepidea konpontzea eskatzen dabe. Herritar askok egiten dabez joan-etorriak errepide horretatik. Beharrera joateko, administrazino tramiteak egiteko, erosketak egiteko… Ganera, 12 urtetik gorako aulestiar gazteak bide horretatik ibilten dira egunero, ikasten Markina-Xemeinera doazelako.

Jose Mari Legarrak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, errepide hori estua da, ez dauka erdiko markarik, ezta bazterbiderik be. Herritarren eretxian, Aulesti bizirik eta bizi mantentzeko, beharrezkoa eta ezinbestekoa da errepide hori konpontzea, zabaltzea. Ganera errepide horretatik ez da garraio publikorik pasetan, eta danek ibilgailu partikularrak erabili behar dabez. “Ez dogu eskatzen autopista bat egiteko, baizik eta bidea apur bat zabaltzea” azpimarratu dau Jose Mari Legarrak. Dan biderako, trafiko handia dabilela gaineratu dau Lau Haizetara irratsaioan.

Konponbide eske, joan dan irailaren 7an agerraldia egin eben Torrezelain, BI-3348 errepidea hasten dan lekuan hain zuzen, eta ikasturte hasierea aukeratu eben, errepide hori dalako Aulestiko ikasleek Markina-Xemeingo hezkuntza zentrora joateko erabiltzen dabena. Ekintza gehiago aurreikusi dabez. Sinadurak batzen hasi dira eta Bizkaiko Foru Aldundiari aurkeztuko deutsiez. Era berean, irailaren 16an (13:30ean), Santa Eufemia egunez, beste alkarretaratze bat egingo dabe Urregarai zelaian. Bertan mahai batzuk jarriko dabez sinadurak batzen segiduteko eta kamisetak saltzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00