Metrokoadroka Kolektiboak 'Bi baso bat ur' antzezlana estreinauko dau gaur Galdakaon

Tratu txarrek eragindako trauma baten ostean, alaitasunak eta umoreak jokatzen daben paperaz egiten dau gogoeta obrak

‘Bi baso bat ur’, tratu txarren ostekoa umoretik

'Bi baso bat ur' antzezlana / Metrokoadroka

Metrokoadroka sormen laborategiaren lan barria da Bi baso bat ur antzezlana. Obrea Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren fruitua da. Galdakaon egin ebezan proiektua egiteko sormen egonaldiak —bat abuztuan, eta bestea asteon—, eta Galdakaon bertan estreinauko dabe gaur (19:00etan), Torrezabal kultur etxean. Gero, Euskal Herri osoa zeharkatuko dabe.

Oier Guillan lanaren zuzendari eta sortzaileetako batek Bizkaia Irratian azaldu dauanez, tratu txarrei lotutako trauma baten ostean, alaitasunak eta umoreak jokatzen daben paperaz egiten dabe gogoeta. Helburua ez da tratu txarra bera erakustea, baizik eta “trauma baten ostean gertatzen dana” esploratzea. Guillanek nabarmendu dauanez, tratu txarrek deshumanizazino puntu handi bat eragiten dabe sarritan, eta ondorengo prozesuan pertsonak bere burua barriro humanizatu behar izaten dau. Ildo horretan, Bi baso bat ur antzezlanaren helburua, umoreak eta alaitasunak zauri baten ostean euki leikien paperaz hausnartzea da.

Edurne Azkarate eta Oier Guillan antzerkigileen gidaritzapean, Intza Alkain, Iraia Elias, Javier Barandiaran eta Marina Suarez aktoreak ikusiko doguz oholtza ganean. Dramaturgiaz Guillan bera eta Miren Azkarate arduratu dira, antzezlaneko talde osoagaz alkarlanean. Lana modu kolektiboan sortu dabe, ohikoa dan moduan Metrokoadrokaren barruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00