
Moto-Membra Jesu Nostri ikuskizun oso berezia da. Arriaga Antzokiaren ekoizpen propioa, 1680an Dietrich Buxtehudek konposatutako Membra Jesu Nostri kontzertuaren eszenifikazinoa da. Lucia Astigarraga da zuzendaria, eta Eneko Sagardoy testuaren egilea eta aktorea. Conductus Ensemble talde ari da zuzenean lan honetan, Andoni Sierraren zuzendaritzapean.
Lau Haizetara irratsaioan Eneko Sagardoy aktoreak azaldu dauanez, ikuskizuna Buxtehuderen obra klasikoan oinarrituta dago, baina gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatua izan da. Berak sortu dauz testuak, eta horreen bitartez mutil biren arteko maitasun istorioa eta gorputzaren memoria lantzen dira.
Zapatuan, irailaren 27an (19:00etan) eskainiko da ikuskizuna Arriaga Antzokian. Aurretik, bihar (19:00etan), 30 urtetik beherako gazteek entsegu orokorra doan ikusteko aukerea izango dabe. Sarrerak Arriaga Antzokiaren txarteldegian bertan jaso ahal dira, gehienez, sarrera bi pertsonako. Eta datorren astean Ljubljanako Cankarjev Dom Cultural Centre-k, Esloveniako kultur eta kongresu zentrorik handienak, Moto-Membra Jesu Nostri-ren emonaldi bat hartuko dau urriaren 2an, DoSEL (Drama of Smaller European Languages) proiektuari esker. Europako aniztasun kulturala sustatzea dauka helburu egitasmo honek, esperientziak trukatuz eta Europako beste antzoki batzukaz lankidetzan jardunez, horreek be lurralde eremu txikietako hizkuntzatan lan egiten dabelako.