Bilboko udalak dantza taldeek euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lana nabarmendu dabe Euskerearen Nazinoarteko Egunean, autortzea eginda. Garai gatxetan jaio ei ziran asko eta asko, zentsura sasoietan, eta halan da guzti be lan gogor egin ei eben euskerearen eta euskal kulturearen alde. Gaur arte ailegau dira asko, eta gaur autortzea egin deutse udaletxeko arabiar aretoan hamarri.
Gaztedi-Santutxu (1951). Santutxun sortu zan, 1951n, Karmelo eleizatik hurrean. Dindirri taldearekin batera, erreferentziakoa izan da bai Bilbon bai Bizkaian. Bilboko dantza talde zaharrena da eta hasieratik ibili da lurralde guztietako dantzen inguruko ikerketak egiten eta horreen barri emoten.
Bihotz Alai -Deustu (1958). 1958an sortu zan, La Salle ikastetxean, Julian Agirre-ren bidez. Ibilbide luzea izan dau talde honek be. Deustuko bizitza kulturalean parte hartu dau,eta gaur egun Deustuko Folklore Taldean sartuta dago beste batzuekin batera.
Arraizpeko Gazteak-Errekalde (1961). 1961an sortu zan, Errekalden. Aurretik izan zan Arraizpe taldearen jarraipen moduan jarri eutsien izen hori. Hiru pertsonak sortu eben, auzoan euskal kulturea bultzatzeko asmoz. Harrezkero, bide luzea egin dau.
Irutasun-Altamira. Altamira auzoan sortu zan, 1967an. Lagun multzo bat taldeko arduradunaren etxean, sukaldean, batzen zan eta dantzak entseatzen hasi zan. Auzoko parrokiaren izena hartu eben, lehenengo gaztelaniaz eta gero euskeraz. Ordutik hona, Altamirak jarraitzen dau auzoaren nortasunaren ezaugarrietako bat izaten.
Beti Jai Alai-Basurtu. 1968an sortu zan, Bilboko Basurtu auzoko herritarren euskal grinak bultzatuta. Hasieran, Basurtu auzoko Cerveceran egiten zituan entseguak taldeak. Gaur egun taldean umeak eta helduak daude.
Batasuna Arraizbide-Errekalde. Uretamendin sortu zan, 1972an, auzoko parrokian. Hasieran neskaz osatutako talde txiki bat zan, baina hurrengo urtean mutilak be sartu ziran. Handik aurrera ibilbide luzea egin dau: auzoko jaietan parte hartu dau eta Bizkaiko eta Euskadiko Dantzari Egunetan be izan da.
Salbatzaile-Castaños. Castaños auzoko dantza taldea da. 1978an sortu zan, garai haretako hutsune kultural eta soziala beteteko asmoz. Begoña Arroyo-ren bitartez hasi zan taldea, eta 8 ume euki zituan.
Goi Herri-San Inazio. San Ignazio auzoko herritarrek sortu eben taldea 1976an, baina erregistro ofiziala 1978an egin zan. Euskal dantza taldea sortu nahi izan ebenez, Kultur Etxean batzen hasi ziran.
Mikeldi-Deustu. 1979an sortu zan, Deustuko Ikastetxe Publikoak babestuta, eskola-orduetatik kanpoko jarduera moduan. Gero San Pedro eleizaren lokal batera lekualdatu ziran. Gaur egun, hogeita hamar ume inguruk osotzen dabe taldea.
Ibai arte-Zorrotza. 1996an sortu zan, Zorrotzan, euskal folklorea eta dantza belaunaldiz belaunaldi transmitiduteko helburuagaz. Urte honeetan guztietan zehar, udalerri askotan egin dabe dantza eta ehunka lagunek parte hartu dabe dantza taldean.