Euskal kostaldeko itsasoa isilean ari da aldatzen. 2002 eta 2022 bitartean jasotako 21.700 neurketatik gora aztertuta, ikusi da uraren pH-a etengabe jaisten ari dala, AZTI buru daukan ikerketak atzemon dauanaren arabera. Ernesto Villarino AZTIko ikerkatzaileak esan deuskunez, pH-aren jaitsierea atmosferako karbono dioxidoaren gehikuntzak eragindako ozeanoen azidotzearen seinale argia da.
Continental Shelf Research aldizkarian argitaratu dan ikerketak erakusten dau pH-a 0,022 eta 0,041 unidade artean jaisten ari dala hamarkadako, itsas gainazaletik 100 metroko sakoneraraino doan itsas geruzetan. Izan be, ozeanoaren urak bataz beste 8,1eko pH-a dauka gainazaleko geruzetan. Beraz, apur bat basikoa da (7tik gorakoa). Azken hamarkadetan, ordea, balioa pixkanaka jaitsi dala ikusi da, “ozeanoaren azidotzea” izeneko prozesuaren ondorioz.
Azidotzea atmosferako karbono dioxidoa itsasoak xurgatzearen ondorio zuzena da: prozesu horrek berotze globala moteltzen laguntzen dau, baina aldi berean uraren oreka kimikoa aldatzen dau. Emaitzek erakusten dabe, gainera, Bizkaiko golkoan azidotze-tasa bataz besteko globala baino apur bat handiagoa dala, eta sakonera handiagoetan pixka bat areagotzen dala.
