Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturak 30 urte bete dauz. Bilbon egindako ekitaldian Itziar Ituño aktorea eta Anton Chapartegi orain arteko Kontseilu Arautzaileko idazkaria izendatu dabez 2023. urteko Mezulariak. San Mames futbol zelaian egindako ekitaldian, Aitzol Atutxa Garena Txakolinaren eta Jatetxearen koordinatzaile eta aizkolariak, eta Uritz Lejarcegui Andra Mari jatetxeko sommelierra izan dira bestalde, kortze-ataratzearen arduradunak. Garena Txakolinaren mahastiak 260 metroko altueran hazten dira Diman, Gorbeia eta Urkiolako parke naturalen artean. 2023. urteko uzta irudikatzeko aukeratu dan txakolina da eurena.
2023ko uzta
Igaz 1.457.146 litro ekoiztu ziran, aurreko urtean baino %18,5 gitxiago. Kalidadeari jagokonez hori bai, oso ona izan da. Jatorrizko Deituratik esan dabenez “izaera atlantiko nabarmenarekin eta ibilbide luzeko ardo freskoak lortu dira, maila eta azidotasun aldetik orekatuak“. Esportazinoari jagokonez, salmenta-bolumenaren %5a da. AEBtara, Herbeheretara, Japoniara eta Norvegiara saltzen da batez be Bizkaiko Txakolina.
Jatorrizko deiturak 30 urte
Bizkaiko Txakolina jatorrizko deiturak 1994. urtean lortu eban aintzatespen ofiziala. Ordutik, arduradunen esanetan, nortasun handiko ardo moderno baten oinarriak ezarri dira. Txakolingintzaren sektoreak etenik bako bilakaerea izan dau. Gaur egun 36 upategi eta 172 mahastizain dagoz Bizkaiko Txakolinaren barruan.