Izaskun Bilbao, EAJren ordezkaria Europako legebiltzarrean, arduratuta agertu da Batzordeak planteatutako neurriekaz

Euskadiko altura flotea desagertzeko arriskuan egongo litzateke arraste arrantzearen aurkako debekuak gauzatuko balira

Izaskun Bilbao: “Bruselak ikusi behar dau arrantzea estrategikoa dala Europako Batasunarentzat”

Izaskun Bilbao, Europako Legebiltzarreko arrantza batzordeko kidea da / Europako Legebiltzarra

Euskadiko arrantza sektoreak ez dau albiste onik jaso Bruselatik aspaldi honetan. Arrantza eta akuikultura sektorean “iraunkortasuna eta erresilientzia” hobetzeko neurriak aurkeztu dauz Europako Batzordeak. Bruselak, itsas ekosistemak babesteko eta errekuperatzeko ekintza-plana bultzatu gura dau “arrantza jardunak eragiten dituen kalteak” txikitzeko. Europako Batzordeak neurriak hartzeko eskatu deutse Batasuneko estaduei “arrantzea zaindu eta itsas eremu babestuak eraginkortasunez kudeatzeko”. Helburu horregaz, Europako Batzordeak debekatu egin gura dau hondoko arraste-sareen erabilerea itsas eremu babestuetan 2030 urterako, asko jota. Lehenengo neurriak 2024 urteko martxoan hartu beharko liratekela dino Bruselak honezkero itsas eremu babestu lez izendatuta dagozan uretan, larogeita zazpi eremutan hain zuzen be. Arraste sareen erabilerea debekatuta geratuko litzateke etorkizunean Europak sortu leikezan eremu babestu barrietan.

Europako Batzordeak aurkeztutako ekintza planak min handia egin leikio Ondarroako altura sektoreari, arraste sareak erabilten dabezan ontziei batez be. Izaskun Bilbao Barandika, EAJren ordezkaria da Europako legebiltzarrean eta arduraduta agertu da Bruselak aukeztutako neurriak Europako eta bereziki Euskadiko arrantza flotan eragin leiken kalteagaitik. “Europako Batzordeak proposatutako neurriek desagertzeko zorian itxiko leuke altura sektorea. Bruselak kontutan euki behar dau Europan pertsona asko bizi dirala arrantzatik. Ganera, gure arrantza sektorea babesten ez badogu arrain hornidurea kanpoko floten eskuetan itxiko geunke. Bruselak ikusi behar dau arrantzea estrategikoa dala Europako Batasunarentzat” azaldu deusku Izaskun Bilbaok Kresala tartean egin deutsagun alkarrizketan.

Beste kontu batzuk be aztertu doguz Europako legebiltzarkideagaz. Besteak beste, Brusela aztertzen dabil arrantzea debekatzea Bizkaiko Golkoan, ikerketa batek dinoalako izurde asko hilten dirala arrantza-ontzien sareetan. Indiako Ozeanoan IOTC erakundeak azken batzarrean onartutako neurriak be jorratu doguz Bilbao Barandikagaz. Izan be, neurri horreek oso kaltegarriak izango dira Europako atunontzientzat. Neurri horreen aurka egiteko eskatu deutso sektoreak Europako Batzordeari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular