Bakearen eta Adiskidetzearen Aldeko saria aurton Egiaren Batzordeen esperientzia globalari emongo jako

"Espainian Egiaren Batzordea sortzeko trena askotan pasau da eta ez dogu tren hori hartu" zehaztu dau Martin Beristainek

Carlos Martin Beristain: “Bolaños ministroa gaur Gernikan egotea sinbolikoki oso garrantzitsua da”

Carlos Martin Beristain / Kolonbiako Egiaren Batzordea

Gernikako Kultura eta Bakearen 33garren nazinoarteko jardunaldietan atzo, gaur eta bihar egiaren batzordeek nazinoartean egindako lana aztertzen dabilz. Kolonbiako, Argentinako, Ekialdeko Timorreko edo Hegoafrikako Egiaren Batzordeko kideek euren esperientzien barri emoten hasi ziran atzo topaketa horreetan. Bihar, Gernikako bonbardaketaren 86garren urteurrena gogoratzeko egitarauaren barruan Bakearen eta Adiskidetzearen Aldeko saria emongo dabe eta aurton saria Egiaren Batzordeen esperientzia globalari emongo jako.

Karlos Martin Beristain medikua da, psikologian doktorea eta eskarmentu handia dauka giza eskubideen aldeko ekintzailetzan. Esperientzia handia be bai gatazkek eragindako biktimei arreta psiko-soziala emoten. Kolonbiako Egiaren Batzordeko kide be bada eta makina bat errekonozimendu jaso dauz, besteak beste 2020an Jaurlaritzak emondako René Cassin saria. Martin Beristain Goizeko Izarretan euki dogu gaur.

Egiaren batzordeen balioa

“Kolonbiako Egiaren Batzordea bake prozesu baten barruan sortu zan. 30 mila pertsona baino gehiagogaz lan egin dogu. Isilean egondako zenbait esperientzia alkarbanatu dira, horreek guztiak marko sozial baten jarrita. Aukera bat izan da jende askorentzako, beldurra gainditu eta errekonozimendu bat eukiteko. Egiaren batzordeek gizarte prozesuak aktibetan dabez” azaldu deusku Carlos Martin Beristainek.

Bolaños ministroa Gernikan

Espainiako guda zibilean eta frankismoan gertatu zana aztertzeko ez da Egiaren Batzorderik sortu. “Sanchezen gobernutik Egiaren Batzorde bat sortzeko proposamen bati ekiteko eskatu eustien baina azkenean horrek ez eban urten” azaldu deusku.  Espainiako Gobernuko Bolaños ministroa bihar Gernikan egotea sinbolikoki oso garrantzitsua dala adierazo dau Carlos Martin Beristainek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular