
Damiel eta Cassiel Berlin goitik zaintzen daben aingeru bi dira. Jendearen buruak irakurtzeko kapaz diranak, baina beti ezkutuan. Umeen aurrean izan ezik. Premisa honetan oinarritzen da Cielo Sobre Berlin, Wim Wenders alemaniarrak zuzendutako filma. 1987an estreinau zan, eta Bruno Ganz edo Otto Sander aktoreak batzen dauz, besteak beste. Izan be, Ganzen aurpegia ezaguna egingo jatzue, Adolf Hitler gorpuztu ebalako El Hundimiento pelikulan. Wenders Alemaniara bueltau zan Estatu Batuetan bere lanik ospetsuena egin eta gero, Paris, Texas. Ondala gitxi, ganera, zine aretoetan ikusi ahal izan dogu bere azken filma: Perfect Days, Japonian kokatuta.
Gure kontuak, desioak, ardurak, entzuten dabez aingeruek, gero espiritualki laguntzen saiatzeko. Hau da, begirale emozionalak dira. Gure bizitza laburrak zaintzera behartuta, betirako. Izan be, zuri-baltzez ikusten dogu euren mundua, Gerra Hotzeko Berlin horretan kokatuta. Testuinguru politiko honetan, zuri-baltzak bat egiten dau hirian nagusitzen dan minagaz. Beraz, aingeruen lana inoz baino garrantzitsuagoa da. Ikuste hutsari buruzko istorioa kontaten deusku: ze garrantzitsua eta polita dan besteak ikustea, baina aldi berean, bakartasun puntu bat be badaukala, gure arteko muga gainditzea gatxa da-eta. Aingeruen kasuan, are gatxago.
Damiel aingerua krisi existentzial baten erdian dago: betikotasunaz aspertu egin da. Aingeru izateari itxi nahi deutso, gizaki bihurtzeko. Gure pentsamenduak irakurtzea baino, guk sentitzen doguna sentitu nahi dau.
Bizitzearen eta sentitzearen edertasuna goraipatu nahi dau pelikulak. Zein ederra dan bizitzea. Aintzat hartzen ez doguzan detailetxoen garrantzia gogoratu nahi deusku, hain zuzen be, Damiel aingeruak.
Prime Video-n ikusgai