Claret Askartza ikastetxeak 50 urte bete dauz aurten. 1975eko irailaren 15ean mila ikasle inguru eukazala zabaldu ebazan ateak. Ikasle gehienak Bilboko San Frantzisko auzoan kokatutako Corazón de María ikastetxetik joandakoak ziran, baina baita Leioa, Getxo eta inguruko herrietakoak be. Urte horretan bertan 4-5 urteko ikasle talde bat egoan haur Hezkuntzan D ereduan ikasten. Claret Askartza izan zan eredu hau ezarri eta euskarazko hezkuntza integralaren aldeko apustua egin eban lehen ikastetxe erlijiosoetako bat Bizkaian. 1979. urtean bere kirol-instalazinoak inaugurau ebazan —kiroldegia eraikiz, igerilekua, frontoia…—. 1987/88 ikasturtean bizkaierazko hezkuntza lerroak zabaldu ebazan. Eta ezin dogu ahaztu hainbat hamarkadetan bakearen aldeko egindako lan guztia, bai salaketa eta aldarrikapen sozialaren bidez, bai 80ko hamarkadaren amaieran ‘bakearen aldeko martxak’ eginez.
Nagore Bilbao zuzendariak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, “gure sustraiak sendoak dira, eta aitzindarien ausardiari esker, gaur egun be euskerea, kristau balioak eta kirola dira gure giltzarriak”. Gaur egun 2.200 ikasle inguruk ikasten dabe Claret Askartzan ikastetxean, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan hasi eta Batxilergoko bigarren mailara arte. Tamaina handiko ikastetxea izan arren, “gure estiloa beti izan da pertsonalizazinoarena” nabarmendu deusku ikastetxeko zuzendariak, “familia eta ikasle guztiak ezagutzen doguz”, azaldu dau Nagore Bilbaok.
Claret Askartzaren 50. urteurrena ospatzeko ekimen ugari atondu dauz. Urriaren 24an, Claret Aitaren ospakizun egunean, ekitaldi ofiziala egin eben. Horrez gain, urteurrenaren harira sortutako abestia eta horma irudia be emon dabez ezagutzen. Aurrera begira, ikasturtean zehar, beste hainbat ekintza burutuko dabez: argazki erakusketea, ibilaldiak, merkadu txikia, kirol txapelketak, Claret sariak, ikasle ohien bazkaria…
