
Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondarea eta historia sakontzea dauka bere egiteko nagusietako bat. Jasotzen dauan ezagutza herritarrei zabaltzeko ekimenak burutzen dauz. Oraingoan, urteetan eskaini izan dauazan bisita gidatuak egituratu eta katalogo baten jaso dauz.
Danetara, 16 bisita gidatu jarri dauz eskuragarri gerediaga.eus webgunean. Durangaldeko herrietako historia ezeze, ondare materialaren eta inmaterialean morgiltzeko aukerea dira bisitak. Gehienez, 30 bat pertsonako taldeei eskainitako bisitak izaten dira eta eskari bidez antolatzen dira. Durangaldeko ikuspegi zabala emoteko helburuagaz, eskualdeko udalerrien historia eta ondarea ezagutzera emoteko herri bakotxeko bisita bat prestau dabe. Baina badira, bisita bi edi gehiago daukiezan herriak: Berriz, Mallabia eta Durango, esaterako.
Gerediaga Elkartetik bisita gehienak irisgarriak izan daitezan ahalegindu dira. Irisgarriak eta edonork egiteko modukoak. Urkiolako Natur Parkeko eta Mañariko bisitak, baina, ohikoak baino luzeagoak dira, eta mendiko oinetakoak jantzita egitea gomendatzen dabe, bide aldapatsua dalako leku batzutan.
Urkiola Landa Garapena alkarteagaz lankidetza
Goiatz Pelaez Gerediaga alkarteko kideak Lau Haizetara saioan azaldu deuskunez, katalogoaren zabakundeari begira, bagilaren 22tik irailaren 28ra, doako 11 bisita gidatu programau dira. Bagilean hiru bisita izango dira, garagarrilean be 3 bisita eta irailean gainontzeko 5 bisitak. Bisita guztiak euskaraz izango dira. Ezinbestekoa da aldez aurretik izena emotea eta antolakuntzatik baieztapena jasotzea. Horretarako, Gerediaga Elkartera jo behar da telefonoz 946818066 zenbakira deituta, edo mezu elektronikoa gerediaga@gerediaga.eus helbide elekrtonikora bidalita.