EBI STEAM azokaren bosgarren edizinoa Muskizen egin da goizeon

Azokea Somorrostro Heziketa Zentroan eta San Juan Ikastetxean egin da

EBI STEAM azokak mila ikasle inguru bildu dauz Muskizen

EBI STEAM azokaren bosgarren edizinoa gaur goizean ospatu da Muskizen. Bilboko Elizbarrutiko Ikastetxeen sarea da EBI, eta urtero, STEAM diziplinei lotutako hezkuntza proiektuak bilten dauan azokea antolatzen dau. Gaurko azokan EBI-ko 19 ikastetxetako mila ikasle inguruk hartu dabe parte. Ekitaldia Somorrostro Heziketa Zentroan eta San Juan Ikastetxean egin da. Goizeko 10:00etan Sergio Buiza lurralde-bikarioak emon deutso hasierea azokeari.

Jardunaldi honi esker, ikasleek ikasturtean zehar garatutako 50 STEAM proiektu inguru aurkeztu ahal izan dabez, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika soluzino barritzaile eta praktikoetan zelan barneratzen dabezan erakutsiz. Hortaz ganera, ikasleek hainbat tailer interaktiboetan parte hartzeko erea izan dabe. Somorrostro Heziketa Zentroa eta San Juan Ikastetxea, gaur, irakaskuntzara aplikautako sormenaren, zientziaren eta teknologiaren erakusleiho handi bihurtu dira. Nerea Bilbao EBI -ko zuzendariordeak Bizkaia Irratian nabarmendu dauanez, azokan ikasleek eguneroko lana erakutsi dabe.

Gaur egun EBI sarea 19 ikastetxek osotuten dabe: Barakaldoko La Inmaculada Ikastetxea; Jesusen Bihotza Ikastetxea Bermeon; Ángeles Custodios Ikastetxea, Artxandape Ikastola, Begoñazpi Ikastola, Otxarkoaga Heziketa Zentroa eta Iparragirre Ikastola Bilbon; Elorrioko María Bitarteko Ikastetxea; Jado Ikastetxea Erandion; San Fidel Ikastola Gernika-Lumon; Markina-Xemeingo BeraKruz Ikastola; Somorrostro Heziketa Zentroa eta San Juan Ikastetxea Muskizen; Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskola; San Felix Ikastola Ortuellan; Santurtziko Patronato Ikastetxea; Sodupeko Avellaneda Ikastetxea; San Viator Zentroa Sopuertan; eta Zeanuriko Zulaibar Ikastegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00