Gaurko Farmazia tartean, Juan del Arco farmazialari eta kolaboratzaileagaz ebola izan dogu berbagai, gaurkotasun handiko gaia dalako. Gaixotasun infekzioso horren agerraldia historiako bigarren handiena da, eta aurreko agerraldietan baino azkarrago ari da zabaltzen. Del Arcok azaldu deusku ebola birus batek eragindako gaixotasuna dala eta, batez be, kutsatutako pertsonen gorputzeko fluidoekaz kontaktu zuzenaren bidez transmititzen dala. Horrez gain, gaixotasunaren jatorriaz eta animaliek ebolaren transmisioan daukien zereginaz be egin dogu berba.
Saioan zehar, ebola gizakiengana zelan heltzen dan eta pertsonatik pertsonara noiz transmititu daitekeen azaldu dogu, baita gaixotasunaren sintoma nagusiak eta kasurik larrienetan eragin daikezan ondorioak be. Besteak beste, ebolaren hilkortasun-tasaz eta egungo agerraldiak sortzen dauan kezkez berba egin dogu, batez be kasuak ugaritzen ari diran abiaduragaitik eta osasun-profesionalengan daukan eraginagaitik.
Azkenik, tratamendu-aukerak eta birusaren hedapena geldiarazteko neurriak aztertu doguz. Del Arcok azpimarratu dauenez, gaixotasun infekziosoen agerraldiak ahalik eta lasterren kontrolatzea funtsezkoa da, ez bakarrik eragindako herrialdeetako biztanleentzat, baita guztion osasuna babesteko be.
