Makina bat urte daroaz Amnistia Internacional GKEak giza eskubideen urraketea salatzen. Alkarte hortako kidea dan Edurne Etxebarria alkarrizketatu dogu gaur Goizeko Izarretan. Aministia Internacionalek 75 boluntario eta 6 mila bazkide daukaz gaur egun Euskadin.
Mohamed Benhalimaren kasua
Sei hilabete pasau dira Mohamed Benhalima deportau dabenetik. Behalima militar aljeriarra da eta bere herrialdeko armadan izandako ustelkeria salatzeagaitik ihes egin behar izan eban. Bizkaian emon dauz azken urteak eta orain dala 6 hilabete Aljeriara herbesteratu eben. Mohamed Amnistia Internacionaleko Bilboko taldean boluntario ibilitakoa be bada. Espainiako Gobernuari kasu honetan esku-hartzeko eskatu deutse Amnistia Internacional GKEtik. “Eusko Jaurlaritzaren bitartez ahaleginak egin doguz baina une honetan ardurea Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko atzerri ministroarena da eta orain arte ez dau ezer egin” salatu dau Edurne Etxebarriak.
Emakume afganiarrak
Afganistango erregimen talibanetik alde egin daben lau emakumeren berbaldia antolatu dau Amnistia Internacionalek orain dala gitxi Barakaldon. Nazima Nezrabi epailea, Lida Nori gaztelania irakaslea, Somaja Amiri margolaria eta Zarifa Khwarazmi zinegilea izan dira besteak beste euren bizipenen barri emoten. “Talibanak agintera bueltau diranetik 3 milioi neskak eskolea laga behar izan dabe. Egoerea oso latza da” azaldu deusku Etxebarriak. Barakaldon izandako berbaldia Bilbon eta Donostian egingo dabe laster.
Arturo Espejo guardia zibilaren maila aldatzeaz, Mozal Legea aldatu ez izanak suposatzen dauenaz, etxebizitzarako eskubideaz eta klimaren aldaketaren kontrako burrukaz be berba egin dogu Euskadiko Aministia Internacionaleko ordezkariagaz.