Mohamed Benhalimaren kasuagaz justizia egin daitela eskatu dau Amnistia Internacionalek

Aministia Internacionalek 75 boluntario eta 6 mila bazkide daukaz Euskadin

Edurne Etxebarria: “Arturo Espejorena entzunda iraganean gagozala emoten dau”

Edurne Etxebarria (Amnistía Internacional GKE) / Bizkaia Irratia

Makina bat urte daroaz Amnistia Internacional GKEak giza eskubideen urraketea salatzen. Alkarte hortako kidea dan Edurne Etxebarria alkarrizketatu dogu gaur Goizeko Izarretan. Aministia Internacionalek 75 boluntario eta 6 mila bazkide daukaz gaur egun Euskadin.

Mohamed Benhalimaren kasua

Sei hilabete pasau dira Mohamed Benhalima deportau dabenetik. Behalima militar aljeriarra da eta bere herrialdeko armadan izandako ustelkeria salatzeagaitik ihes egin behar izan eban. Bizkaian emon dauz azken urteak eta orain dala 6 hilabete Aljeriara herbesteratu eben. Mohamed Amnistia Internacionaleko Bilboko taldean boluntario ibilitakoa be bada.  Espainiako Gobernuari kasu honetan esku-hartzeko eskatu deutse Amnistia Internacional GKEtik. “Eusko Jaurlaritzaren bitartez ahaleginak egin doguz baina une honetan ardurea Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko atzerri ministroarena da eta orain arte ez dau ezer egin” salatu dau  Edurne Etxebarriak.

Emakume afganiarrak

Afganistango erregimen talibanetik alde egin daben lau emakumeren berbaldia antolatu dau Amnistia Internacionalek orain dala gitxi Barakaldon. Nazima Nezrabi epailea, Lida Nori gaztelania irakaslea, Somaja Amiri margolaria eta Zarifa Khwarazmi zinegilea izan dira besteak beste euren bizipenen barri emoten. “Talibanak agintera bueltau diranetik 3 milioi neskak eskolea laga behar izan dabe. Egoerea oso latza da” azaldu deusku Etxebarriak. Barakaldon izandako berbaldia Bilbon eta Donostian egingo dabe laster.

Arturo Espejo guardia zibilaren maila aldatzeaz, Mozal Legea aldatu ez izanak suposatzen dauenaz, etxebizitzarako eskubideaz eta klimaren aldaketaren kontrako burrukaz be berba egin dogu Euskadiko Aministia Internacionaleko  ordezkariagaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular