Parisko Olinpiar Jokoetan kirolari bitik bati tokauko jako dopingaren kontrola egitea. Aurtengo jokoetan mila pertsona inguru arduratuko dira dopin kontrolak egiteaz eta 4.000 kirolari baino gehiagori egingo deutsiez. Dopinaren aurkako borrokan aditua da Ekain Zubizarreta, EHUko Kirol Fakultadeko irakaslea eta bere berbetan, Parisko Joko Olinpikoetan kirolari bitik bati dopin kontrola tokauko jako. “Publizidade moduko bat da dana ezin dalako kontrolau” esan dau Zubizarretak.
“Gaur egun %100ean ezinezkoa da dopauta dagozan kirolari guztiak harrapatzea. Dagoan kontrol kopuruagaz gaur egun bere burua dopatu gura dauenak modu inteligenteago baten egin behar dau, ez kantidade handiakaz edo ez urteko garai zehatz batzutan” azaldu dau Ekain Zubizarretak. EHUko irakaslea dopinaren etikan eta soziologian aditua da. “Kirol guztietan egon lei dopinerako joerea. Dopina zer dan edo zer ez dan marra fin hori etikaren arabera jarten da” zehaztu dau. Galazota dagozan substantzia batzuk errendimendua handitzeagaz lotuta dagoz eta beste batzuk aisialdirako kontsumoagaz. Judoan, txirrindularitzan edo arraunean izandako dopin kasuei buruz berba egin deusku Ekain Zubizarretak.
Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak egiten dauen lanari buruz be berba egin deusku. “Eskualde mailako agentzia bakarra da gaur egun, besteak estadu mailakoak edo nazinoartekoak dira” aitatu dau Zubizarretak.