Aurten 37 proiektu aurkeztu dira, igaz baino 6 gehiago

Leartibai Fundazioak Leartibai Sariak banatu dauz: 15.500 euro banatu dabez tokiko ekintzaileen artean

Ekintzailetza ekosistema sendoa Lea Artibain

Leartibai Sariak 2024ko saridunak / Bizkaia Irratia

Leartibai Sarien hirugarren edizinoko sari-banaketa ekitaldiak eskualdeko ekintzaileak batu ebazan joan dan astean Amoroton. Ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua emotea helburu daukan ekimen hau Leartibai Fundazioak antolatzen dau, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia alkartea, Lea-Artibai Landa Garapen alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen lankidetzeagaz.

Esti Plaza Leartibai Fundazioko Ekintzailetza eta Talentu arduradunak Lau Haizetara irratsaioan azpimarratu dauanez, betidanik egon da ekintzailetza kultura handia eskualdean.

Aurtengo Leartibai Sarietara 37 proiektu aurkeztu dira, igaz baino 6 gehiago. Urtetik urtera ekimen hau gero eta gehiago sendotzen doa eskualdeko ekintzaileen artean. 2023-2024 epealdian Lea-Artibai eskualdean negozio barri bat martxan jarri daben ekintzaileak parte hartu dabe lehiaketan. Bost kategoria saritu dira: negozio-ideia barritzaile onena, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onena, merkataritza establezimendu onena, emakume ekintzaileari saria, eta gazteek sortutako negozio-ideia onena. Esti Plazak azaldu deuskunez, kooperatiba onenari saria bertan behera geratu da, azken urtean eredu horretako negoziorik ez dalako sortu eskualdean.

Naiara Arantzamendi ondarrutarrak negozio-ideia barritzaile onenari saria lortu dau, Naivet albaitaritza integrala proiektuagaz. Julen Etxabe etxebarriarrak, barriz, gazteek sortutako negozio-ideia onenaren saria bereganatu dau, orain sei hilabete Etxabe Odriozola Eraikuntzak enpresea martxan jarri ostean. Ekintzaile bi honeekaz be izan gara berbetan Lau Haizetara irratsaioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00