Foro Antzerki taldearen lehen ikuskizuna da

Pabellon 6 aretoan ikusgai urtarrilaren 15ean

‘El efecto Welcome’, gentrifikazinoaz, turismoaz hausnartzeko lana

'El efecto Welcome' antzezlana / Pabellon 6

El efecto Welcome antzezlana Pabellon 6 aretoan eskeiniko dabe bihar. Pabellon 6 aretoan bertan sortutako Foro Antzerki taldearen lehenengo ikuskizuna da hau. Igaz estreinau zan eta asteon, biharkoa izango da emonaldi bakarra. Leire Ormazabalek, Nagore Cenizo-Arroyok, Itxaso Gilek, Markel Vazquezek, Arnatz Puertasek eta Alazne Astorgak osotzen dabe Foro Antzerki taldea. Publikoa aktibatu eta pentsamendu kritikoa bultzatzea da asmoa. Lehenengo ikuskizun honetan, gentrifikazinoa, turismoa eta urigintza-birmoldaketea dira ardatz. Alazne Astorgak esan deuskunez pil-pilean dagoan gaia.

Publikoaren parte-hartzea

Auzokidez osotutako talde bat da istorioaren protagonistea. Alazne Astorga, Nerea da lan honetan. Eraikinean bizi diran beste auzokideak dira gainontzekoak. Kontraesanak daukiezan pertsonaiak dira. Astorgak aipatu dauanez, danok gara turista momenturen baten… Antzezlan honetan, publikoaren parte hartzea eskatuko da, publikoa be aktore bihurtuko da eta erabagiak hartzen lagunduko dau. Astorgaren esanetan, dibertigarria izango da. Foro Antzerki taldeak, La Rueda Teatro Socialen laguntzea izan dau El efecto Welcome sortzeko. Momentuz, bihar iluntzeko zazpi ta erdietan, emonaldi bakarra eskeiniko dabe Bilboko Pabellon 6 aretoan. Aurrera begira, ez daukie emonaldi gehiago. Alazne Astorgak esan deuskunez, taldea, badabil lan barri bat prestatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00