Bost urteko iraupena izango dauan proiektu honek 5 eta 6 urteko ume elebidunak hartuko dauz ardatz, irakurketa eta idazketa hasi aurretik. Ikerketearen helburua da jakitea ea elebitasunak garuneko hemisferioen arteko konektibidadea indartuta, irakurketa-idazketan izan daitekezan zailtasunak arindu leikezan. Hori dala-eta, arrisku genetikoa daukien umeak bilatzen dabez: hau da, gurasoren batek edo anai-arrebek dislexia diagnostikoa izatea.
BCBLko ikertzailea dan Maialen Paniego izan da Goizeko Izarretan irratsaioan. Bere esanetan, dislexiak oinarri genetikoa izan arren, ingurune-faktoreek be eragina izan leikie, eta hortxe kokatzen da elebitasunaren papera. Proiektuak ehun umeko lagina batu gura dau, eta martian hasiko dira datuak jasotzen. Ikertzaileek dei zuzena egin deutse baldintzak beteten dabezan familiei, parte hartzea borondatezkoa eta segurua dala azpimarratuta. Parte hartu gura daben familiek BCBLrekin harremanetan jarri daitekez zuzenean, informazio gehiago jasoteko.
