Euskera Hobetzen: Zein da bizkaieraz modurik egokiena 'parecía' esateko?

Euskera Hobetzen tartea

Euskera Hobetzen: Zein da bizkaieraz modurik egokiena ‘parecía’ esateko?

“DAN GINOAN” esakuneaz itaun egin deuskue lehengo astean

Nagore Etxebarriak bialdu euskun lehengo hilearen akaburengo egunean mezu gozo bat, zinoana: “”Euskera Hobetzen” irrati-saioaren zeure idatzirako, denpora-tartetxu bat ixten dot beti… Aste honetakoa be leidu dot eta aspaldi baten bialdu neutsun konsulta-mezua sartu dozula ikusi dot. Eskerrik asko aintzat hartu eta horren ondo erantzuna horniduteagaitik.
Beste alde batetik, 5. txatalean “torron-torron beteta” lokuzino adberbiala jorratu dozu; hari horretatik tiraka, “dan ginoan > danginoan” adberbioa burura etorri jat… Horrexeri oharren bat egitea be, txarto ez.
Fuerte-fuerte egin, Adolfo, hurrengora arte!”
Egia esanda, lehenago be birritako aldiz aitatu dogu dan ginoan egitura hori: (2017-09-26/4) eta (2022-11-12/2). Eta hirugarrenez, oraintsuago, joan aditzagaz: doan ginoan egitura barruan (2022-10-13/1).
Lehen esandakoei atzera eragiten hasi baino gurago dot, osteango zeozer gehitu lehen garandutakoari.
Gino atze-hitz edo atzizkia gaur gitxi entzuten da, eta idatziz erabili hainbat gitxiago. Atze-hitz horren errastu nagusia gaur egun -raino kasu-atzizkian daukagu: -ra adlatiboa eta gino marka bateratuta eregia dan horretan.
Baina euskerearen tradizinoan, dana dala, oinatz sakona itxi dau gino atze-marka horrek. Bai idatzirik zaharrenetan, bai klasikoetan. Harrezkeroko idatzizkoetan gitxiago, baina berbaz bai iraun dau. Eremuz eta balioetan murrizten eta laburtzen joan da denporearen joan-etorrian, bazter erabilerakoa izateraino gaur egun. Arterago aitatua dogun dan ginoan dogu esapide bitxiotariko bat.
Baina ez da ahaztu behar bizibarrialdi txiki bat be ezagutu dauela XX. mendean, menderakuntzaren esparruan, hatan be: gaztelaniazko “a medida que, en la medida que” aurre-marken baliokide lez indarbarritu da euskera modernoan. Esaterako: Generoa datorren ginoan salduko dogu. Geuk dakigun ginoan irakatsi geinke. Produzitzen diran ginoan zabaldu leitekez produktu barriak, e.a.
Baina gino marka honen balio nagusia, tradizinoan, gazt. “hasta” preposizinoaren berbera da. Gaur, denpora eremuan “arte, artean” atze-markak eta gainontzeko esangura-eremuetan, leku-espazio edo ekintzarenean berariaz, “-raino”, “-teraino” atzizki orokorrek beteten dituen eremuetako berbera.
Sartaldeko hizkeretan iraun dau, hatan be, gino marka horrek, eta hizkera eremu honetan jagon dira osoroen marka horren balio zaharrak.
Zeintzuk dira ingurune nagusiak, gino atze-markaz josten ditugunak?
– Denpora adberbioen barruan, ezagunenak: oraingino, gaurgino, nozgino.
— Oraingino: orain arte.
Mogelen idatzietan:
“Ez nau oraingino inok ikusi ardauak igarota” (J. A. Mogel PAb).
Añibarrorenetan:
“Eta Juan Bautistaren egunetatik oraingiño zeruetako erreinuak indarra sufrietan dau, ta indarra egiten dabenak irabazten dabe” (Ebangelio.Alcartu). “Bada egun aetan izango dira ain atsekaba andiak eze, Jangoikoak kriaturak sortu zituzanetik oraingiño orrelangorik izan ezta, ez sekula izango bere” (Ebangelio.Alcartu)
Oraingino eta oraindino batera be agiri dira idazle batzuen idatzietan. Hau da, -gino eta -dino atzizkiak orain adberbioari dautsazala, baina esangura bereziakaz: Oraindino, ‘todavía, aún’ adieraz eta oraingino, ‘orain arte’ adiereaz. Añibarrok idatzia: “Oraindiño beinbere zure borondatea egin eztogu: oraingiño deabruak ta munduak agindu deuskuna egin dogu” (Misionari I).
Orainginoko adnominala bide berekoa da: ‘orain arteko’. Halan: “Parkatu eiguzuz oraingiñoko uts egiteak” (Misionari I).
Noiz itaun-adberbioaz: Nozgino daukagu, ‘noiz arte’ adierakoa. Halan: “Nosgiño sufriduko zaituedaz? Ekardazu ona zure semea” (Ebangelio.Alcartu).
Gaur adberbioaz, gaurgino daukagu, ‘gaur arte’ esangurakoa. Halan: “Zerren baldin Sodomako errietan egin izan balira zugan egin dirian mirariak, menturaz iraungo eben gaurgiño” (Ebangelio.Alcartu). “Ta judeguen artean zabaldu zan barri onek dirau gaurgiño” (Ebangelio.Alcartu).
Berandu adberbioaz berandugino daukagu, ‘berandu arte’ adierakoa. Halan: “Eta zelan etzan agiri esposoa berandugiño, loak artu, ta lo egin eben guztiak” (Ebangelio.Alcartu)

– Leku adberbioaz:
Hona, horra, hara adlatiboakaz, honagino, horragino, haragino ditugu.
Honagino: hona arte. Halan: “Bakebageturik dauko jentea, Judea guztian zabalduten daben dotrinaz, Galileatik asi ta onagiño” (Ebangelio.Alcartu).
Horragino: Horraginoko: “Eztauko barri onek orraginoko aillarik; esakera onek ‘ezton jakin bear’ esan gura dau” (Azkue Apend. V-ger).
Haragino: “Arrituta gelditu zan 1822ko uraldian urak aragiñoxe eldu zireala irakurreran” (Azkue Euskalzale 1897, 372a).
Non, nora itaun-adberbioaren gainean: Nogino: ‘noraino, nora arte’ adieraz. Halan: “Kriatura guztiak dagoz euren egillearen esanera. Itxasoa egin ebanean, agindu eutsan, diño Job santuak, nogiño eldu bear zan, ta neurri marra muga ta bazter onetarik urteiten eztau” (Misionari I). “ak ondo daki zuen barri guztia; ak ondo daki nogiño elduten direan zuen aleginak” (M.Zabala Irun).
– Izen mugagabe baten gainean erabili izan da luzaroan, orain mende bat eta erdi ingurura arte batez be. Izen mugagabeari gino erantsita, ‘arte, -ra arte’ esanguraz.
a) Leku-espazioaren eremuan (non, nora arte): “–Oi etse gino lagun deizut, / badozu borondaterik” (Lazarraga 1172v). “Jesusek esan eutsen: ‘Ontziok urez bete egizuez’. Eta goi giño bete zituezan” (Ebangelio.Alcartu). “Zu barriz, Kafarnaun, zerugiño goitua, infernu giño ondatuko zara” (Ebangelio.Alcartu). “Eta biralduko ditu bere angueruak tronpetakaz ta dedar andiaz; ta batuko ditue lau axeetatik bere autuak zeru goienetik euren kabu giño” (Ebangelio.Alcartu). “Zoaze Urira, ta bertan sartu ta bertati idoroko dozue gizon bat ur-ontzi bat daroala, jarraiozue sartzen dan etxe giño” (Ebangelio.Alcartu). “Ta Sazerdotearen ezaguna zan beste dizipuluak urten eban, ta atezain egoan neskatxari esan eutsan, ta sartu eban Pedro barrura Sazerdote Nagusiaren etxe barru giño” (Ebangelio.Alcartu). “Etxe kanpotik teillatu giño egozan eskalerak, ta teillatu ganak zelai egozan, bertan ibilteko” (Ebangelio.Alcartu).
b) Denpora eremuan (noiz arte): “Jesu Kristo gure Jaunaren bizitzea bere jaiotzatik bateo giño” (Ebangelio.Alcartu). “David ganik Babiloniao erbeste giño, amalau jeneraziño; Babiloniako erbestetik Kristoren etorrera giño, amalau jeneraziño” (Ebangelio.Alcartu). “Eta ara, ni zuekaz nago egun guztietan munduaren akabera giño” (Ebangelio.Alcartu). “ta izango zatxataze testiguak Jerusalenen, ta Judea guztian, ta Samarian, ta munduaren kabu giño” (Ebangelio.Alcartu). “San Juan Batistaren denpora giño iraun eben” (Ebangelio.Alcartu).
“Atzerengo gino / kontentu izanik, / ezta iñor joango / amorea ganik” (Mikoleta TAV 3.1.27).
– Izen mugatu singularraz (-a gino) gitxi batzuetan baino ez da agiri gure idatzietan: “Eta egin jakon bere izerdia, odolezko tantak lurra giño eriozanak” (Ebangelio.Alcartu).
– Izen sintagma pluralaz be gitxi batzuetan agiri da, baina atzizkitzart -etagino atzizkiaz: “Esan daroe, bela egazti gogorrak ikusirik euren ume txikiak ulle zuriz janzirik, ta ez baltzez eurak legez, larga ta itxiten dituezala abian, jaramon baga, lume baltzez janzi arteraiño; bada denpora onetan Jaunak janarituten dituz, ta belakumeen txilioak, negarrak ta deiak Jangoikoaren belarrietagiño elduten dira” (Misionari I).
– Atzizki adlatibodun izenaz ugaritzen eta nagusitzen joan da denporearen etorria, eta horretatik, marka biren bakuntzatik, heldu jaku akabuan gaur egun nagusi dan -raino adl. Finala: -ra gino > -raino.
a) Leku-espazio balioaz: “zuekaz nago ta egongo nas altaran azken egunera giño.” (Misionari I). “Bada nik emongo deutsadan ura, egingo da beragan ur-iturri bat, betiko bizitzara giño saltauko dabena” (Ebangelio.Alcartu). “Triste dago nire arimea eriotzara giño; itxozue emen, ta bigira egizue nigaz” (Ebangelio.Alcartu). “Ez da gure Jaungoikoa zurezkoa. Kastigauko ditu gurasoen pekatuak laugarren belauneragino.” (Bart Elex). “Israelgo jente guztiaren aurrian Kore, Datan ta Abiron egozan lekuban, luurrak edegi eban aua inpernuragino” (Bart Ikasik II). “Santidade alturagiño igongo eban gure San Ramon gloriosoak” (Zuzaeta 58). “Gizonezkoak samaragiñoko gorantzak erabilten ei zituezen orduan, eta joskinak, Bertoldineri be olako bat egin gurarik, miesa ebagi, albaindu, ta soinean aztertu edo estu-zabalean neurriak artu guraz […]” (Otxolua Bertolda).
b) Denpora balioaz: “Ez da gure Jaungoikoa zurezkoa. Kastigauko ditu gurasoen pekatuak laugarren belauneragino.” (Bart Elex). “Geure santu egunetako olgeetak, gurasoetati umeetara, giza aldetik giza aldira, eldu dira geure denporaragino” (Bart Olg).
Galdetzaile kategoriakaz be ezaguna da adlatiboan.
Zetaragino. Zetaraginoko: “ze jakin bear dau zetara giñokoa dan pekatua, datorkion penitenzia emoteko” (M.Zabala Irun). “Eizu kargu, lehen zelako lotsakaz ibilten ziran eta orain zetaragino ausartzen diran“ (Jatabe. Maribi Egia).
Noragino. Noraginoko: “Ezin esan lei, neure entzula onak, nora giño eldu dan gaurko egunean, jai-domekeetan bear egiteko amurru deungea” (M.Zabala Irun).
Aukera biak emoten dira idazle batzuetan: “Balitz or karobiari astelenean, martitzenean edo alan, su emoteko egon, euriari emon, ta barikura giño edo… surik ezin emotea, ori ondo” M.Zabala Irun). Aukeran emoten ditu idazleak: bariku gino eta barikura gino.
Aukera bi eskeintzen dira idazle beronengan: orduginoko eta ordura arteko adnominalen artean: “Aztu egiten jakez ordura arteko [giñoko] nekeak” (M.Zabala Irun).
– Izen berezi bategaz soilik alkartuta:
Nor: “Eta alan Abraan ganik David giño dagozan jeneraziño guztiak dira amalau” (Añ Ebangelio.Alkartu). “Zerren ze profeta guztiak ta legeak Juan giño etorkizuna asmau eben” (Añ Ebangelio.Alkartu). “San Mateok dakar Jesu Kristoren semetasun naturala Abraanetik berau giño, eta san Lukasek berau ganik Adan giño” (Añ Ebangelio.Alkartu).
Non/nora: “Belen giño goazan, ta dakusgun esan jakun au, jazo dana, Jaunak erakutsi deuskuna” (Añ Ebangelio.Alkartu).
Noiz/noiz arte: “Jesu Kristoren bizitzea San Juanen predikalditik bateoaren urrengo lenengo Pazkua giño” (Añ Ebangelio.Alkartu).
– Erakusleakaz, mugagabearen oinaren gainean (honeta-, horretaa-, hata-):
Hatagino: hataraino. Hataginoko: hatarainoko, hainbesterainoko; ‘hasta tal punto’. “Hataginoko lotsorra zelan izan leiteke gizona!”. “Hataginoko kriantzabakorik!”. (Jatabe. Maribi.Egia).
Horretagino: horretaraino. Horretaginoko: horretarainoko, horrenbesteko; ‘hasta ese punto’. Horretaginoko guzurtia izango zanik nok pentsau!
– Zenbatzailedun izen sintagma baten ostean:
Zenbatzaile zehaztuaz, batzuetan zenbatzaile soilaren ostean: “Jesus maitearen mirari guztiak amabi urteetarik ogeta amar giñokoak sartu, azaldatu ta barrutu zituan San Lukasek berba baten” (Añ Misionari I).
Beste batzuetan -eta leku-denpora kasuetako artizkiaren jarraian. Halan orduen gorabeheran: “Eta eguerditik iruretagiño iluntasunak egin zirian mundu guztian” (Añ Ebangelio.Alkartu). Baina baita espazio eremuan be: “Zer egiten eztogu euretan begi bietagiño [sartuteko] ondatuteko?” (M.Zabala Irun).
Zenbatzaile zehaztubakoaz. “Bada onenbeste giño Jangoikoak mundua maitetu eban, ze bere seme bakarra emon eban” (Añ Ebangelio.Alkartu).
Zenbat bider egitureaz: “Jauna, parkatuko deutsat nire anajeari nire kontra bekatu egiten daben guztietan, zazpi bider giño?” (Añ Ebangelio.Alkartu).
Zenbatgarren egitureaz (denpora balioaz): “Agindu egizu bada, gorde dagiela sepulturea irugarren egun giño” (Añ Ebangelio.Alkartu).
– Emendiozko juntadura markatzeko be ugari erabilia izan da aldi baten giñoko marka, sarritan mugatzaileaz hornidurik: giñokoa, giñokoak: ‘bai eta, baita’ esangureaz, gazt. ‘hasta, incluídos” balioaz.
Izen mugagabearen ostean berariaz.
Ginoko: “ibili izan tzara jakin ezinik, esan izan daben txikien txikien giñoko guztia” (M.Zabala Irun).
Giñokoa: “Orduan santuak largarik guztia, baita bere soiñekoa, ta semetasunaren izen giñokoa, poztasun andiaz eranzun eutsan bere aitari” (Misionari I). “Eta zuek artu, ta zuen berbak enzun gura ezpaditue, etxe atatik, edo erri atarik urtetean, zuen oiñetako auts giñokoa irardausi egizue euren kontrakoz adierantzan” (Ebangelio.Alcartu).
Ginokoak: “San Efrenek dirausku, gorputzak ezeze, bizileku ta ate giñokoak krutze santeaz ziñatu daiguzala” (Añib Misionari I). “Ezekielen denporan Jerusalenen egiten zirean gaistakeriak gaiti, angeru bati Jangoikoak agindu eutsan, kutxillo bategaz il eizala erriko zar ta gazte guztiak, ta ume txiki ginokoak, sazerdoteetarik asirik” (Misionari I). “eztala txori bat bere lurrera jausten Jangoikoaren borondatea baga, ta kontaurik dituala gure buruko ulle giñokoak” ( Misionari I). “Gero ori asko eztala baaki, ta bigarren ibilaldi bat egin, ta batuten deutsaz mats-orri artean ezkutaurik [ostendurik, osteiturik] gelditu jakazan lakain giñokoak” (M.Zabala Irun). “Etzaituez ilgo; baia diru kenduak atzera emon bearko deustazuz lauziri giñokoak” (M.Zabala Irun). “Ume txiki giñokoak dantzuguz juramentuka ta juramentu ikaragarrika bazter guztietan” (M.Zabala Irun).
Ginokoetan: “Bideetan, kaleetan ta plaza agiri giñokoetan entzuten dira berdezkeriak, izen txarrak, bastokeriak ta zantarkeria eskergaak” (M.Zabala Irun)].
– Menderakuntza marka lez, -n ginoan, ‘en la medida en que’ adierakoa, egitura modernoagoa da, baina ondo sustraitu dana. “Geroago oraindik, Platon aundiagotzen, gizonagotzen zioan ginoan, bazterrak ezagunagotzen zioan, aundikeriak eta ameskeriak ere aienagotzen” (Zaitegi Platon). “Bide-zuloetan euriak egin zituan osintxoak ikusirik, alderatu zedin al eban giñoan” (Dom.Agirre Auñemendi).

Bada errefrau bat gaztelaniaz, arratoiaren burua eta elefante edo leoiaren buztana konparagarritzat aitatzen dituana. “Más vale ser cabeza de ratón que cola de león”. Euskeraz bada horren bardinik?

Norbera txikia izan arren, txikitasun horretan bere buruaren jabe izan hobe dauela, ugazaba nagusiago baten azkenengo hutsaren hurrengoa baino. Hori da mezua.
Sagu-katuen irudipean erakusten da konparantza hau errefrau batzuetan. Hurrengo hau lekuko: “Hobe xaguaren burua izan, katuarena buztana baino” (Garate Atsot 11566).
Katu-saguen irudiaz ondua da beste hau be: “Katuak atzaparrak, zakurrak ortzak eta saguaren zulotik ezin sartu. (limitaciones de la fuerza bruta)” (Mokoroa OE 91798).
Goiko mezu beretsuaren eroale dira besteok besteok be, beste irudiren bategaz:
– Arbolearen irudiaz, beste arbolen gerizpean ezin daitekela egon aditzen emoteko: “Arboliek, bestien azpidxen ezteu balidxo”(Garate Atsot 1060).
– Txori handi eta txikien konparagarria dogu beste honetan: “Ontza txoriyen artean nagusi” (Garate Atsot 6946).
– Jente harroaren izakunean zuzenean joten dau hurrengo honek: “Harroa beti aurrena” (Garate Atsot 6717).
Amaitzeko, beste hizkuntza batzuetan be baditu kideak goiburuko horrek. Ingelesez, bat ordain zuzen-zuzena: “Better be head of a dog, than the tail of a lion” (1651). Ingelesezko beste hau bestelako irudiaz ondua da: “Better to reign in hell than serve in heaven” (3119). Hau da: ‘Hoba da inpernuan nagusi izan, zeruetan morroi baino’. Eta hirugarren honek be, beste irudi bategaz, mezu beretsua: “Better to rule than be ruled by the rout” (3182). Hau da: Hoba da norberak gidatu (/ gobernatu), errepideak norbera gidatzea (/ gobernatzea) baino.

“ARRUTZEK IRIBITU”. Euskerahobezale batek bialdu deuskun esapidea

Eusebio Abasolo arratiar madrildartuak bialdu deusku oraingoan be berba eta pasadizu polit bat, mezu bidez. Hara zer eta zelan dinoan:
“Hola aspaldiko, zelan?
“Txikiteko denporatan (1950) nire Artaungo eta Ziorrestako osabak Dimeko “Kanpeon azkoran” bata eta “Lata- esku pelotan” bestea , indertsu egoteko, jokatu baiño aurretik, pare bat edo iru arrutze gordinik eraten eurien. Badakizu zelan? Zulotxu bet ein, zotzagaz IRIBITU, gatz apur bet ganean ipini eta, tranka, edan!
Kontuz ze, nauk pentsau: Iriztu: apurtu, borobildu, meaztu. ARRUTZEK IRIZTU.
IRIZI: kedarrak kendu, garbitu, iriztontziegaz ESNEA IRIZI.
Baia: ‘iriztu’ <> ‘iriztontzi’ ez dire bardinek.
Hiztegietan begire egon naz eta ez dakarrie “arrutzek gordinik edatea” zelan esaten dan. Mesedez, al dozunean, goatu oneri.
Mille esker. Eusebio Abasolo Iturbe”
Aditz diferente bi darabilguz hemen aidean eta nahastean. Bata da irazi (irizi), eta bestea da irabiatu (iribitu). Arrautzea zotzagaz ‘irabiatzea’ da bat eta esnea edo isurkari bat ‘iraztea’ (iriztea) beste bat.
Arrautza bat irabiatu egin daiteke zotzagaz, eta zuringo mehea eta gorringo lodiagoa, zotzari eraginda, mehetu egin daiteke, ia isurkari bihurtzeraino.
Irazi aditzak beste esangura-arlo batzuk be hartzen ditu. Halan:
– Diru eta ondasunen gorabeheran erabili izan da irazi aditza antxinatik eta sarri. Bada errefrau bat, Azkuek jasorik dakarrena eta dinoana: “Zelan irabazi, halan irazi” (Dicc.). Irazi, ’gastatu, eralgi’ adiera hartuta. Antzeko esangureaz (‘malgastar, dilapidar’) agiri da birritako aldiz errefrau zahar bitan. Batak zahar aurrezleen lan ahalegintsua osteko belaunaldiko gazteek “harriko zulotik” zelan isurtzen daben gogoratzen dauena: “Zarrak sagastia ibini, gazteak irazi” (“cuela”) (RS 177). Eta: “Gaxoto irabazia iratxoen da irazia” / “Lo mal ganado es de la fantasma exprimido” (RS 301). Eta Azkueren belaunaldian Otxoluak idazleak be halantxe: “Eurok [diru eta ereztunok] gorde ezinik edo zetan irazi bururatu ezinik, burua zoratu-zoratu eginda, ez bakerik, ez arterik eneukelako izango” (Bertolda).
Zer irazten (irizten) da gehiago?
Zornea (apostema) edo handitua irazten da ebagi bat eginda. Añibarroren luman: “Anditua, zaldarra, sustarra danean, kanpora istanda egiten danean, esperanza da osatuko dala” (Geroko Gero).
Oihala edo ehuna irazten da (urdir el lienzo). Eta horri atxikia da iraztaska berbea be, Mogelek, jostunek lan egiten eben ehuntegiak zehaztean, izen alkartu bitan darabil irazi aditza. Behin iraztaska izenean, ariltegi sinonimotzat emonda: ‘urdidero’: “Iraztaskea o ariltegia”; eta beste behin Iraztramaak izenean, gazt. “aspas” (PAb 84).
Lurra irazten da, laiakaz edo kako-atxurragaz iraultzen danean.
Gizakiok be irazi edo irazitu egiten gara, osasuna hobetuz argaltzen garanean. Azkuek Gernikan batu eban irazitu adiera honegaz: “adelgazarse, mejorando de aspecto”.
Isurkarien gorabeheran darabilgu sarrien irazi, gazt. ‘colar, filtrar’ adieraz. Esnea irazi esan ohi da sarri. Halan: “Lelengo iraziten da ezne batu barria” (J. A. Uriarte Dialogos). Mahats garaunetatik irazten da mahats-ardaoa be. Añibarrok konparantza baten dinoan lez: “Bardin ikusiko dozue, egiten dala, mats garau irazietatik ateretan dan ardaoagaz” (Lora Sorta).
Bibliaren itzulpenean Leizarragak holan dakar: “Gidari itsuak! Eltxoa irazten duzue, eta kamelua iresten” (TB Mat 23).
Adjektibo modura be ezaguna da irazia, pertsonen gorabeheran berariaz, ‘mehe, argal’ adieraz. Halan: “Soin me, txairo ta irazia / loturik estuegi dakarrela gerria” (Euskalzale 1897, 362) (Arrese-Beitia).

Gure euskerahobezale baten itauna: “Zein da bizkaieraz modurik egokiena, “parecía” esateko?

Ramon Basaldua Bizkaia Irratiko kazetariak, kirol, eguraldi eta arrantzu gaietan aditu zorrotza danak bideratu deusku zalantza-itaun hau, honako berbakaz: “Zein da bizkaieraz modurik egokiena esateko “parecía”, batuazko “bazirudien”.
Garbi esanda, irudi izan / iruditu aditza euskeraren zabalera osokoa da, bizkaiera eta Iparraldeko hizkerak barru dirala. Egia da, bazirudien adizkia irakurten edo enzuten dogula sarrien hedabideetan.
Baina Iparraldean: Iduri du / Iduri zuen aditz multzoa da adiera honegaz gehien darabilen hitz-egiturea.
Eta Hegoaldeko tradizinoan be aditz horren adizki trinkoa erabili izan dogu, baina ba- aurrizki barik ia beti: Dirudi (halan izango dala). Zirudian ondo urtengo ebala. Ez dirudi komeni danik. Ez zirudian txarto urtengo ebanik.
Ramon Basalduaren mezu horretan, “Zein da modurik egokiena” da sakoneko itauna. Izan be, behin baino gehiagotan salatu dogu badaezpadako aditz egituratzat “emoten dau” / “ematen du”, eta iraganean “emoten eban / ematen zuen”.
Iraganeko aditzaz egin deusku itauna: “parecía” eta ez presentekoaz: “parece”. Izan be, iraganeko gitxiagotan darabilgu, oraineko aditz bat baino. Baina oinarrian egitura berberak balio dabe orainean zein iraganean.
Zein aukera edo zeintzuk aukera jo geinkez ontzat edo hobetzat? Bat baino gehiago dira, hiztunok egunero edo sarri darabilguzanak. Orainean eta iraganean eskeiniko ditugu, geure eretxian, aukerarik egokientzat joten ditugunak.
– Esan aditzaz. Oraineko ikuspegitik: Esan lei ze I Esan leiteke (benetan dabilela, eta ez bromatan). Eta iraganeko ikuspegitik: Esan leian / Esan eitekean (partidua irabaziko ebala, lehenengo tantuak ikusita, baina ez da halan izan).
– Pentsau aditzaz be sarri darabilgu. Orainean: Pentsau lei / Pentsau leiteke (denporeak lagunduko dauela). Iraganean: Pentsau leian / Pentsau eitekean (lurraren dardakadeaz teilatuak behera etorri behar ebala).
– Antza egon edo antza euki aditz multzoaz be sarri balietan gara. Orainean: Antza dauka (oraingo entrenatzaileaz be Athleticek gatx eukiko dauela Europan sartzen). Iraganean: Antza eukan (azertu gehitxoago euki izan balebe, partidua erraz irabazi eikeela).
Eta berbeta batzuetan adizlagunez sarriago: Antza dagoanez, (hotzak ez dira aldenduko behin zati baten).
– Begitandu aditzaz be baliau geintekez, baina beti nori argumentua lagun dala. Halan: Begitantzen jaku… edo iraganean: Begitandu jatan…
– Eretxia euki aditz multzoaz be bai, baina nork ergatiboa lagun dala. Halan: Eretxia daukat, Athletic jokoa hobetzen doala. Edo iraganean: Eretxia neukan (partidua galzorian egoala).
Edo aditz trinkoaz, hainbat egokiago, baina hemen be nori edo nork (eretxi) argumentuagaz. Orainean: Deritxat, deritxagu, deritxe… Eta iraganean: Neritxon, Zeneritxon, Eritxon, Generitxon, Eritxen. Halan: Deritxat (arrazoia daukazula). Neritxon (huts egin behar ebala, baina azkenean ez zan halan izan).
– Dalakoa / Zalakoa euki. Diralakoa / ziralakoa euki ereduko egiturak be ezagunak ditugu, batez be sartaldeko hiztunok. Mungiako jaun eskolatu bati, Jesus Zugazaga jaunari irakurria deutsat oraintsu honako esaldi hau: “Beste erabilera horreek gaztelania ohiturak diralakoa daukat”.
Baztertuko genduken aditza da Emoten dau / Emoten eban aditza buruan erabiltea, horren azpian -la atzizkidun mendeko konpletibo bat erantsita.

Hedabideetan entzuniko esaldia: “Eztu hainbeste elurrik bota”. Zuzentzat joko ete genduke esatea: Ez dau hainbeste edurrIK bota?

Lehen be aitatu izan dogu behin baino sarriago -ik atzizki partitiboa ez dala beti era automatikoz erabilten, esaldia ezezka emona izan arren. Badira salbuespen garbi eta gardenak, zeintzuetan ez datorren erara -ik/-rik partitiboa.
Gehiago-RIK EZ egiturea izan da adibidetzat erabili izan doguna, hiru biderrez behintzat (2017-10-05/5), (2019-09-05/3), (2019-12-19/4). Eta gehiagotan be bai behar bada.
Oraingo kasuan hainbeste zenbatzailea agiri dan izen sintagma egiturea da atzizki partitiboaz agiri jakuna: hainbeste edurrIK EZ egitura horretan.
Baiezka esan geinke: Hainbeste edur bota dauela. Baina ezezka esan gura badogu hori bera, nahikoa da esatea: Hainbeste edur ez dau bota, eta ez dogu zertan esan: *Hainbeste edurrIK ez dau bota. Arrazoia da hainbeste zenbatzailea badarabilgu esaldi horretan, berez ez dau onatzen -ik partitiboa.
Baiezka esan geinke: Hainbeste jente etorri da. Eta ezezka: Hainbeste lagun ez da etorri. Baina ez: *Hainbeste lagunik ez da etorri.
Baiezka: Hainbat ditu irabazi eban. Eta ezezka: Hainbat diru ez eban irabazi.
Beste zenbatzaile batzukaz be bardin jokatu izan dau euskereak, partitiboa dala-ta: Lan asko. Edozenbat zeregin. Ardura gitxi. Nahikoa burukomin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular