Elhuyar Hiztegiak 30 urte bete dauz aurten, eta hiztegia hondino erreferentziazko tresna izaten jarraitzen dauala nabarmentzen dabe. Horren erakusgarri dira 2025eko datuak: 75 milioi kontsulta baino gehiago izan ebazan. 30 urteotan hiztegiko berbak, adierak eta adibideak egokitu diran moduan, horreek kontsultatzeko modua be guztiz aldatu da. Hasieran paperezko hiztegia izatetik, kontsultak mugikorrean, tabletan eta ordenagailuan egitera pasatu gara. Mugikorreko aplikazinoa 100.000 biderrez baino gehiago deskargatu da, eta webguneak astean 150.000 bisita daukaz, bataz beste.
Klara Ceberio hiztegiko arduradunak azaldu dauanez, hasierako paperezko hiztegitik online plataformara egindako saltoa mugarri garrantzitsua izan zan. Mugikorretarako aplikazinoa kaleratzea be urrats esanguratsua izan zan ibilbide horretan. Halanda be, Ceberioren esanetan, gaur egungo erronka nagusietako bat, hiztegia bera mantentzea da, batez be, adimen artifizialaren eta itzultzaile automatikoen gorakadaren testuinguruan.
Elhuyar Hiztegia etenbarik eguneratzen da, proiektu bizia da. Urtez urte milaka sarrera eguneratzen dira, eta horreetako asko barriak izaten dira. Sarrerak eguneratzeko prozesuan, Euskaltzaindiaren Hiztegia hartzen dabe oinarritzat, baina erabiltzaileen iruzkinak eta proposamenak, eta hedabideetan zein bestelako argitalpenetan agertzen diran berba eta erabilerak barriak be kontuan hartzen dira. Azken honeek Elhuyarrek garatutako hizkuntza-teknologien bidez identifiketan dira.
Klara Ceberiok azpimarratu dauanez, azken urteotan genero-ikuspegia bereziki landu da hiztegian. Adibideak eguneratu dira, eta erabilera desegokiak izan daitezken terminoak behar dan moduan markatu dira. Helburua, hizkuntza eta gizartearen bilakaerari erantzutea izan da.
