BC3k uste dau krisi klimatikoaren hedapenean ardurarik gitxien daben herrialdeak asko sufriduten dabilzala

COP27ko Egiptoko goi-bileran BC3ko ordezkaritza bat egongo da

Elisa S. de Murieta: “Inbersino berdeak egon arren, erregai fosilak diruz laguntzen dira. Hori aldatu behar da”

Elisa Sainz de Murieta (BC3) / Bizkaia Irratia

Klima aldaketaren kontrako goi-batzarra atzo hasi zan Egipton. Itsaso Gorriaren kostaldean kokatzen dan Sharm El Sheik uriak Glasgowren leukoa hartu dau. Hurrengo bi asteetan zehar mundu osoko ordezkariek larriladi klimatikoari aurre egiteko erronkez eztabaidatuko dabe. Oraingoan Afrika jarri gura dabe fokoen aurrean, atzo bertan COP27ko presidenteak esan eban biltzar honen helburu nagusia herrialde txirotuentzat finantziazinoa lortzea izango dala.

Afrikako COP27a

Munduan Afrika da CO2 isururik gitxien emitiduten dauen kontinentea baina Afrikan bertan larrialdi klimatikoaren kalteak agerikoak dira. Paris eta Glasgowko COPetan herrialde txirotuei finantziazinoa handitzea adostu zan baina adostutakotik %50a be ez da bete. Diru horregaz berotze globalak eragindakoa konpondu gura da eta herrialde askok diru hori ezinbestean behar dabe. BC3ko Elisa Sainz de Murietak esan deusku krisi klimatikoaren hedapenean ardurarik gitxien dabenak asko sufriduten dabilz. “Hau Afrikako COPa da eta garapen bidean dagozan herrialdeek laguntzea behar dabe” zehaztu deusku Sainz de Murietak.

Berotegi efektuko gasak

Pasa dan astean Munduko Meteorologia Erakundeak datu oso txarrak emon ebazan. 2021ean berotegi efektuko gas nagusien gehienezko historikoak neurtu ziran. Honek esan gura dau CO2, metanoa eta oxido nitrosoa komeni baino askoz be gehiago hedatu dirala. “CO2a asko isurtzen da eta metanoak eta oxido nitrosoak berotze gaitasun handiagoa dabe” zehaztu dau BC3ko ikertzaileak.

Tenperaturearen hazkundea

Mundu osoko berotze maila 1,5 graduen azpitik mantendu gura dabe. Une honetan 1,3 gradutan dago eta adituen eretxian gradu t’erdiko mailara helduko balitz egoerea nabarmen gaiztotuko litzateke. IPPC erakundeak urteko bere bigarren txostena kaleratuko dau. IPPC erakundea ikerlariek eta zientzialariek osatzen dabe eta aldaketa klimatikoaren baitan datu zientifikoak kaleratzen dauz. Egun gitxi barru urteko bigarren txostena argitaratuko dabe eta horretan oinarrituta Egiptoko Goi Bileran CO2 emisinoak murrizteko neurriak zehazten ahaleginduko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00